Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kapok

iz. Bot. Izen bereko zuhaitzaren fruituak ematen duen ilezko zuntza, Javako kotoia ere esaten zaiona. Kapok zuhaitza tropikala da, Bombacaceae familiakoa. Gainaldea zabala du, enborra oso handia, eta palmondoaren antzeko hostoak. Asian eta Indonesian hazten da, eta Javako merkataritza gai nagusia da. Zuntza distiratsua du, horixka eta arina, eta ligninaz eta zelulosaz dago osatua. Zuhaitz helduak ehunka leka ematen ditu (15 cm luze dira), zuntzezko haziz beteak. Lekak bildu eta mailuz zabaltzen dira, eta ondoren leka barruan dagoen haziak aske uzten du zuntza. Hauskorra da, ez elastikoa. Jantzietako betegarrietarako, burukoetarako, lastaietarako eta ebakuntzetan kotoiaren ordezko gisa erabiltzen da. Plastikozko zuntzak eta goma harrotua erabiltzen hasi denetik, behera egin du kapokaren erabilerak.