Kantauri mendiak
Iberiar Penintsularen iparraldean gutxi gora behera 300 kilometroz luzatzen den mendi saila. Torrelavega (Kantabriako Autonomi Elkartean) inguruan hasi eta Galiziaraino iristen da. Pirinio mendien sorrera berbera dute mendiok. Iberiar Penintsularen iparraldeko kostaldea eta barreneko goi-ordokia bereizten dituzte. Ekialdeko eta mendebaleko ertzetan, ordea, barreneko goi-ordokiaren eta itsasaldearen arteko etena ez da erdialdean bezain bat-batekoa. Ekialdeko lehen mendiak dira garaienak (Pico Europa, 2.648 m; Peña Labra, 2.006 m.). Mendikatea nagusiko gailur garaienak 2.000 m-tik gorakoak dira gehienak (Peña Prieta, Peña Vieja, Espiguete). Narceako harana igaroz gero, mendi kateen ekialde-mendebal norabidea aldaturik, Sierra de Rañadoiro ipar-hego norabidean hedatzen da; mendikate nagusia zenbait kateatan banatzen da: Sierra de Ancares eta Sierra del Caurel, ipar-mendebalerantz; Sierra de Gistreo eta Leongo mendiak El Bierzoko sakana inguratuz. Ekonomiari dagokionez, Kantauri mendiek garrantzi handia dute, alde batetik burdina eta ikatz meatzeengatik, eta energia hidroelektrikoaren iturri nagusi direlako, bestetik.