Kantauri itsasoa
Atlantiko ozeanoan Espainiako iparraldeko kostaren eta Frantziako mendebalekoaren artean eratzen den sargune zabala, Bizkaiko golkoa izenez ere ezaguna. Itsaso barreneko muga sakontasun handiak (3.000-4.000 m) hasten diren lekuan jarri ohi dira. Espainiako iparraldeko kosta labartsua da, eta itsaso hondoko zola ere malkartsua da oso. Sakontasun handienak itsasertzetik aski hurbil daude (Matxitxakotik 10 km-ra gabe 1.000 m-ko sakontasuna, eta ia 3.000 m-ko sakontasuna Bizkaiko itsasertzetik 40 km-ra). Frantziako kosta, berriz, laua eta apala da; itsaso hondoko zola ere lehorreko ordokiaren jarraipena da, eta kontinente plataforma oso zabala du; Roxelako latitudean, adibidez, kontinente plataformaren sakontasun mugatzat ematen den 200 m-ko marra batimetrikoa itsasertzetik 200 km-ra aurkitzen da. Kantauri itsasoaren punturik sakonena Llanestik iparraldera aurkitzen da, 160 km-ra: 5.098 m-ko sakontasuna. Bai Espainia iparraldeko kosta eta bai Frantzia mendebalekoa, arrantza leku aberatsak dira biak plankton askoko aldeak baitira. Uraren gatz proportzioa ez da handia (% 3,5 itsaso barrenean), eta uraren azaleko tenperatura 10-11 °C izaten da urtarrilean eta 18-20 °C uztail-abuztuan, Gulf Stream itsaslasterrak epeltzen baitu.