Kantauri Arabarra
Araba osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu: Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Okondo. 332,1 km2-ko azalera du, 1998ko datuen arabera (Arabaren % 11), eta 33.682 biztanle guztira 1997an (Arabaren % 12). Eskualdearen azaleraren % 40 Aiarak hartzen badu ere, Kantauri Arabarreko biztanleria oso kontzentratuta dago Laudion (19.746 biztanle 1997an) eta Amurrion (9.701 biztanle). Aiarak 2.000 biztanle baino ez ditu, 1.300 Artziniegak eta 811 Okondok. ■ Hizkuntzari dagokionez, gaztelera da nagusi Kantauri Arabarrean. 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen % 58 erdalduna zen. Batez beste, urte hartako erroldak biltzen zituen 33.246 biztanleetatik 6.791 euskalduntzat zuten euren burua, 7.037k ia euskalduntzat –euskara indarberritzen ari den seinale– eta 19.418k erdalduntzat. ■ Alor ekonomikoan, 1996an 2.668.000 pezetakoa izan zen eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG) biztanleko. EAEko indize bateratzeailea 100 eta Arabakoa 122koa izanik, 117an zegoen indize hori Kantauri Arabarra eskualdean. Egoera, gainera, nahiko orekatua zen udalerri guztien artean, alde handirik gabekoa. Oro har, industriari emandako eskualdea da, jarduera industrialek ekarri baitzuten 1996an eskualdean sortu zen balio erantsiaren % 60, Arabako batez bestekotik 17 puntu gora. Zerbitzuek, aldiz, % 34 ekarri zuten (batez bestekoaren azpitik 15 puntutan) eta lehen sektoreak ere Arabako batez bestekoan baino garrantzi gutxiago izan zuen. Egitura ekonomikoari dagokionez ere eskualde orekatua da Kantauri Arabarra, udalerri guztietan industria baita jarduera nagusia, kasu guztietan balio erantsiaren erdia baino gehiago ekartzen duena.