Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kantabriar

iz. eta izlag. Iberiar Penintsularen iparraldean erromatarrak iritsi aurretik bizi zen herri bateko kidea. Lurralde hauek ziren antzinako kantabriarrenak: gaur egun Kantabria den eskualdea, Burgosko iparraldea, Asturiasko ekialdea Sella ibairaino, eta Bizkaiko mendebala Nerbioi ibairaino. Kantabriarren jatorrizko etnia ezezaguna da, baina bazituzten zelten kulturaren eraginak. Leinuetan antolatuta zeuden eta matriarkdoa zen nagusi, emakumeek lantzen baitzuten lurra eta hartzen herentzia. Bizibide sotila zuten; labore batzuk egiten zituzten, garagardoa egin, artzaintzan aritu eta ezkurrak biltzen zituzten ogia egiteko. Aldian-aldian inguruko herriei (vacceoei, turmodigoei eta autrigoiei) erasotzen zieten, haien aberastasunez jabetzeko. K.a. 29. eta 19. urteen artean erromatarrek kantabriarren lurraldea konkistatu zuten, haien meatze aberatsez jabetzeko. Kantabriar asko hil zituzten, eta hiri batzuk eraiki zituzten lurralde hartan; Iuliobriga izeneko hiria zen garrantzi handienekoa; gaur egungo Reinosa herritik hurbil zegoen.