kamera
iz. Ganbera. || Zinema, fotografia edo telebista irudiak hartzeko tresna. v Teknol. Zinema edo telebista irudiak hartzeko tresna. Zineman, irudiak pelikulan jasotzen dira, eta bideoan berriz zintan. || Kameralaria. v Kamera lasterra. Zinema eta bideogintzan, irudiak naturalean baino lasterrago ibili edo iragaiten direnean “kamera lasterrean” doazela esan ohi da, arruntean. Berez, teknikoki, kamera geldoa erabili behar da efektu hori lortzeko, hau da, irudiak zineman ohikoa den segundoko hogeita lau edo hogeita bost fotogramako lastertasunez baino gutxiagotan hartu behar dira: irudiak banako gutxiagotan zatituz mugimendua lasterrago ikusiko da, arinago, proiektatutakoan. v Kamera geldoa. Zinema eta bideogintzan, irudiak naturalean baino geldoago ibili edo iragaiten direnean “kamera geldoan” doazela esan ohi da, arruntean. Berez, teknikoki, kamera lasterra erabili behar da efektu hori lortzeko, hau da, irudiak zineman ohi den segundoko hogeita lau edo hogeita bost fotogramako lastertasunez baino gehiagotan hartu behar dira: irudiak banako gehiagotan zatituz mugimendua motelago ikusten da, geldoago, proiektatutakoan. v Gauza edo eszena baten irudia paper orri batean proiektatu eta hala irudi hori hartan marrazteko balio duen tresna. Kutxa edo gela ilun bat izaten da, alde batean zulotxo bat edo lente bat duela. Horretatik marratu nahi den irudia, argi askorekin, ageri da. Argazki makinaren oinarrizko printzipio bera du. Aristotelesen garaian erabiltzen zen. Erdi Aroan eguzkiaren eklipseak ikusteko erabili zen. Errenazimentutik aurrera pintore askok erabili zuten: Vasari, Canaleto, etab. v Bakartze kamera. Bi hormaren eta geruzaren artean jartzen den bolumen hutsa, eta barruko tenperaturari edo hotsari eusteko erabiltzen dena. Bakartze kamerak haizea izan dezake barruan (edo beste jariakin bakartzailea), eta tenperaturari eutsi nahi zaionean adibidez, haizea erabiltzen da bakartze kameran, hormetako materialak baino eroale okerragoa delako. v Kamera pneumatikoa. Behealdea irekia duen ontzia, uretan sartu eta hondoan ezarrita, ontziak barruan duen airearen presioari esker urik sartzen ez dena. Urpean egin beharreko lanetan, urpean, hondoan karga finkatzeko eta abarretarako erabiltzen da. Kamera pneumatikoa Tiger ingeniariak asmatu zuen 1841ean. v Kamera musika. Mus. Bitik zortzira arteko musika tresnez osatutako taldeentzat idatziriko musika. Jatorriz zuzendaririk gabe jotzen zen, eta normalean areto txikietan lagun gutxirentzat edo musikarien atsegin soilerako. Gaur egun kontzertu aretoetan jotzen da sarritan. Kamerako musikaren kontzeptuak, gaur ezagutzen den bezala, XVIII. mendean du jatorria, orduan finkatu baitziren forma klasikoak (kuartetoa, besteak beste). Haydn-ek bihurtu zuen harizko kuartetoa kamerako musikaren forma nagusi; hala ere, duo, trio, kinteto eta gisako musika taldeen berezko musika mota ere bada. Mozartek eta Beethovenek indartu zuten, gaur egun duen mailara jasoz. XIX. mendean Mendelssohn, Brahms, eta Dvorak-ek aberastu egin zuten eta XX. mendean, berriz, Ravel, Debussy, Bartok, Shostakovitx eta Britten musikagileek, besteak beste. XX. mendean kamerako musikari ahotsa eransteko joera indartu da, eta teknika aldetik gero eta zailagoa bihurtu da.