Kaldea
Babilonia hegoaldeko lurraldea, Testamentu Zaharrean askotan aipatua. Biblian ematen diren datuen arabera, Arabiako desertutik Eufrates ibaiaren deltara bitarteko lurraldeak hartzen zituen. Asiriaren aginpidea ahuldu zenean, Kaldeako Nabopolasar Babiloniako errege izatera iritsi zen, eta Kaldeako dinastiak jarraitu zuen Babilonian, K.a. 539. urtean Persiak inbaditu zuen arte. v Kaldeako erritua. Nestoriarren elizako erritua, eta gaur egun Kaldeako Eliza katolikoak jarraitzen duena, Siria Ekialdeko Erritua ere deitua. Jerusalemgo eta Antiokiako elizen errituetan du sorrera, hango kristauak antzinako babiloniarren ondorengoak baitziren; gerora Asian zehar Indiaraino zabaldu zen. Kaldeako errituaren ezaugarri nagusia Sortaldeko beste erritu kristauen aldean soilago izatea da. Indian Malabar-eko elizak Kaldeako erritua jarraitzen du, eta Siriako hizkuntza erabiltzen du elizan; gaur egun, hala ere, malalaiam hizkuntza ari da sirieraren lekua hartzen. v Kaldeako eliza katolikoa. Sortaldeko elizako erritua, Libanon, Iraken eta Iranen nagusi dena. Kristautasuna II. mendean zabaldu zen Iraken eta Iranen. V. mendean Sortaldeko elizak nestorianismoa hartu zuen dotrina gisa. Eliza asko hedatu zen; Txinara, Mongoliara, Malabar kostalderaino iritsi zen XIV. menderako. 1551. urtean Erromako elizarekin bat egin zuen, Joan Sulaka aitagoiena Erromara joan eta fede katolikoa hartu zuenean.