Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kalbinismo

iz. Kalbinoren dotrina, Institutio religionis christianae obran aditzera eman zuena. Hatsapen hauetan oinarritzen da: 1) Biblia da fedearen iturri bakarra; hala ere, lehen bost kontzilioetako dogmak onartzen ditu kalbinismoak. 2) Fedearen bidez lortzen da salbamena; zeruko dohaina da salbamena, eta aurrez aukeratu batzuei bakarrik ematen zaie. 3) Gurtzak hasierako soiltasunera itzuli behar du; bataioa eta jaunartzea beste sakramenturik ez da onartzen, sinbolo eta oroigarri balioez.  v  Kalbinismoak eragin handia izan zuen ekonomiaren garapenean, lana goresten baitzuen, eta etikotzat hartzen interesekiko mailegua. Max Weber-ek Etika protestantea eta kapitalismoaren izpiritua obran Europan kapitalismoaren sorrera ahalbideratu zuen dotrinatzat hartzen du. Kalbinismoa berehala hedatu zen Frantzia, Eskozia, Holanda, eta, XVII. mendetik aurrera, Ipar Ameriketara eta Hegoafrikara. Gaur egun berrogei bat milioi lagun dira kalbinistak.  v  Euskal Herrian, Ipar Euskal herrian batez ere, eta Zuberoan bereziki, eragina izan zuen kalbinismoak, XVI. mendean. Oroz gainetik Testamentu Berriaren euskarazko itzulpena (J. Leizarraga, 1571) izan zen ondorioetako bat.