Kagel, Mauricio
Argentinar musikagilea (Buenos Aires, 1931). Musikagilea izateaz gainera, orkestra zuzendaria eta zinema zuzendaria ere bada. Bere kontura ikasi zuen musika irakasle partikularren gidaritzapean. Buenos Airesko Música Nueva taldeko kide egin zuten 1949an, eta urtebete geroago, Argentinako Zinematekaren sorreran parte hartu zuen. 1955ean Colon Antzokiko Ganbera Operaren zuzendari izendatu zuten. Handik bi urtera, Alemaniara alde egin zuen, eta Kolonian jarri zen bizitzen. Alemanian hainbat lekutan aritu izan da lanean: Rhingo Ganbera Orkestraren zuzendaria izan da (1957-1961), Darmstadt ikastaroetako irakaslea (1960), Rhingo Musika Eskolako Musika Berrien institutuko zuzendaria (1967) eta Koloniako Goi Musika Eskolako antzerki irakaslea (1974). Musika lan ugari egin ditu, tresna nahiz ahotserako musika, antzerkirako musika eta abar. Musika esperimentaleko filmak ere egin izan ditu. Lan aipagarrienen artean ditu: Harirako sestetoa (1957), Heterofonia (1961), Errenazimentuko tresnetarako musika (1966) eta Exotikoa (1972). Ahots musikarako Aleluia (1968) egin zuen, eta harena da, halaber, Stadtstheater (1970) antzerki musikala. 1975ean bere lanaren definizioa egiten duen liburua (Tamtam) argitaratu zuen.