Justino IIa
Bizantzioko enperadorea 565-578 urteetan, aurrekoaren iloba eta ondorengoa (578. urtean hila). Teodoraren iloba zen Sofiarekin ezkondu zen eta haren esku utzi zituen bizantziar inperioko ardura asko. Inperioko finantzak zuhurtasun handiagoz erabiltzen saiatu zen baina lonbardiarrek Italia 568. urtean inbaditu zutenean bakea erosi behar izan zien avaroei eta Ilirian finkatzen utzi eslaviar rei. Asian, aldiz, Armenian kristauek zituzten arazoak zirela eta, 572an berriro ere piztu zen persiarren aurkako gerra, 20 urte iraun zuena, eta bizantziar inperioarentzat oso ondorio kaltegarriak ekarri zituena. Monofisiten aurkako jazarpena bultzatu zuen, osabak bezala. 574. urtean, erotu egin zen, eta bere ondorengo Tiberiori utzi zion inperioko gobernua.