Justiniano Ia
(Lat. Flavius Petrus Sabbatius Justinianus). Bizantzioko enperadorea 527-565 urteetan (Tauresium, Iliria, 482 - Konstantinopla, 565). Justino I.aren iloba, laguntzailea eta ondorengoa izan zen. Erromako inperioaren politika eta erlijio batasunaren alde ahaleginak egin zituen. Harroa eta lanean nekaezina zen baina izaera ahulekoa, eta beste pertsona batzuen eraginpean egon zen beti, Teodora emaztearenean bereziki. 532. urtean amaiera eman zion Persiaren aurkako gerrari, Sartaldeko arazoei lasaiago ekiteko, eta Belisario eta Narses jeneralek lagundurik, Ipar Afrika ia osorik kendu zien bandaloei (533), Italia ostrogodoei (535-562) eta Andaluzia bisigodoei (550-554). Mediterraneoan nagusi bazen ere, inperioa guztiz ahula zegoen berez. 540. urtean hasi zen berriro Persiaren aurkako gerra eta gerra-sari izugarri bat ordaindu behar izan zuen 562an hura amai zedin. Bestalde, hunoak eta eslaviar rak gero eta lurralde gehiago hartzen ari ziren Europako erdialdean eta Balkanetan. Diplomazian iaioa zen eta jakin izan zuen olde horiek geldiarazten eta Bizantzioko inperioaren eragina bazter guztietara hedatzen. Justinianok utzi zuen obra gorena lege-bilduma da, Triboniano eta Teofilo legelariek idatzia. Erromako zuzenbidean oinarritu ziren obra moldatzeko, eta horretan oinarritzen da Sartaldeko herrietako gaur egungo zuzenbide zibila.