Justiniano IIa Rinotmeto
(Justiniano Sudur motza). Bizantzioko enperadorea 685-695 eta 705-711 urteetan, Konstantino IV.aren semea eta ondorengoa (?, 669 - Sinope, 711). Bulgariarren eta armeniarren aurkako guduak hasi zituen 689-693 urteetan baina ez zuen arrakastarik izan. Quinisextoko kontzilioa antolatu zuen eta han onartu egin zuen Aita Santuaren eta Konstantinoplako aitagoiaren arteko berdintasuna. Zergak itota, herriaren matxinada baten eragile izan zen Leoncio patrizioa, eta Justinianori sudurra moztu ondoren Kersonesora erbesteratu zuten (695). Tiberioren Itsas armadaren jazarketaz baliatuz ihes egin zuen Justinianok 698. urtean eta Bulgariako Terbel kan-aren laguntzaz Bizantzion sartu zen, 705. urtean. Tiberio III.a hilarazi zuen eta herriaren aurka zaplakuntza gogorra antolatu zuen eta horrek matxinada gehiago ekarri zituen. Horietako matxinada batean hil zuten Justiniano Sudur motza, Sinopen.