Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jurramendi

Nafarroako mendia, Lizarrako herriaren hegoaldean. 1.044 m.  v  Jurramendiko guduak. Bi gudu gertatu ziren, bi karlistadetan, Jurramendi eta Lizarraren inguruan, 1835. urteko azaroaren 16an lehena eta 1873ko azaroaren 7, 8 eta 9an, bigarrena. 1835. urtekoan Egia jeneral karlistaren gizonek Fernández de Córdoba jeneralaren mende zegoen Lizarra eskuratu zuten. Ozta-ozta egin zuten ihes liberalek. 1873. urteko gudua, berriz, askoz ere latzagoa izan zen, 25.000 bat gizon armatu bildu baitziren Lizarra aldera, 17.000 liberal eta 8.000 karlista. Hiru borroka egunen buruan Moriones jeneral liberalak bere gizonei atzera egiteko agindua eman ziela jakin zuten karlista garaitzaileek. Karlos VII.a erregegaia han izan zen bere osteen mugimenduei behatzen.  v  Azken garaipen honen oroigarri gisa, Jurramendin urteoro biltzeko ohitura hartu zuten karlistek. 1976. urtean Karlos Hugo Borboikoak Una cita para el pueblo esapidean gonbidatu zituen hainbat alderdi (PCE, PSUC, PTE, ORT, MCE, PSP, PSOE…) baina horiez gainera hara agertu ziren karlismoaren eskuin muturreko taldeak, Sixto Henrike Borboikoa buru zela. Sixtoren jarraitzaileak konzentrazioan bildutakoak jipoitzen eta tirokatzen hasi ziren, eta bi karlista hil zituzten, tiroen ondorioz. Espainiatik kanporatzeko agindua jaso zuen Sixto Borboikoak haren ondoren.