Jinnah, Mohamed Ali
Pakistango buruzagi musulmana eta lehen gobernaria (Karatxi, 1878 - Karatxi, 1948). Ingalaterran abokatu ikasketak egin ondoren, Bonbaiko Epaitegi Goreneko eta Britainia Handiko Inperioko Legegintza Kontseiluko lehendakaria izan zen. Musulmanen Batasuneko kide zen 1913an, eta erakunde horretako lehendakari izan zen 1916tik aurrera. Lehen Mundu Gerran hinduen arteko batasuna lortu nahi izan zuen. Ez zuen onartzen Gandhik Indiaren burujabetasuna lortzeko proposatzen zuen bidea. Gero, musulman eta hindu estatuen bereizketa eta musulmanek gobernu zentralean eta behin-behinekoan parte hartzeko aukera berdinak izatea proposatu zuen. Hinduak indar hartzen hasi ziren eta horren beldurrez, Pakistan barruan Musulman Estatu Askea sortzea proposatu zuen. Hala gertatu zen eta Pakistan estatu burujabe bilakatu zenean, behin-behineko gobernuko lehendakaria izan zen, 1947an. Liaqat Ali Khan-ek hartu zuen bere lekua hura hil ondoren (1948).