Jimeno Jurío, José María
Nafar historialaria (Artaxona, 1927). Iruñeko apaizgaitegian egin zituen apaiz ikasketak. Apaizgoa utzi eta irakasle jardun zuen geroago. Geografia, historia, euskal toponimia eta folkloreari buruzko lan ugari eman ditu argitara El Miliario, Príncipe de Viana, Fontes Linguae Vasconum, Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra eta Punto y Hora aldizkarietan. Obra nagusiak: Documentos Medievales artajoneses (1968), ¿Dónde fue la batalla «de Roncesvalles»? (1974), Historia de Pamplona. Síntesis de una evolución (1974), Navarra jamás dijo no al Estatuto (1977), Las clases sociales en Navarra durante la Edad Media (1980), Historia de Navarra. Desde los orígenes hasta nuestros días (1980) eta toponimia de la cuenca de Pamplona (zenbait liburuki, Euskaltzaindiaren Onomastica vasconiæ bilduman). Lan aipagarriak egin ditu azken urteotan Nafarroako euskal toponimiari eta historiari buruz. 1991z geroztik, ohorezko euskaltzaina da; besteak beste, Medikuntzaren Historiaren Euskal Elkarteko kide sortzailea da, Ateneo de Navarrako kidea da, eta Euskal Dantzarien Biltzarreko ohorezko lehendakaria. 1998an Sabino Arana Fundazioak, bizi oso baten ibilbidea eskertuz, urtero ematen duen saria eskaini zion. 1998an Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion. Hauek dira kaleratu dituen azkenengo lanak: Historia de Pamplona y sus lenguas (1995), Navarra: historia del euskera (1997), Navarra jamás dijo no al Estatuto Vasco (1997) eta Toponimia de la cuenca de Pamplona (zenbait liburuki, Euskaltzaindiaren Onomastica vasconiæ bilduman).