Jiménez, Flaco
Estatubatuar kantari, musikagile eta soinu-jotzailea (San Antonio, Texas, 1939). Estatu Batuen hegoaldeko tradizio espainiarra, Europa Erdikoa eta anglosaxoia nahasten dituen Tex-mex musikaren interprete ezaguna. 1986an mexikar-amerikar abesti onenaren Grammya irabazi zuen. Bere aitona Patricio Jiménezek asmatutako estiloari jarraitzen dio Flacoren musikak. Europa Erdiko polka Texaseko gustura egokitzen saiatu zen Patricio Jiménez. Hasieran “Texas Chicano” esan zitzaion estilo horri. Flacok urrutirago eraman zuen tex-mex estiloa, edozein musika modurekin nahastuz. Peter Rowanekin disko pare bat grabatu zituen eta 1976an Ry Cooderrek bere taldean sartu zuen. Chicken skin music eta Cooder Show Time egin zituzten elkarrekin zuzenean, eta bien elkarlanak urte asko iraun zuen. Hamarkada horretan dozena bat disko grabatu zituen, nahiko tradizionalak, errepertorioaren oinarria rantxerak zirela. Viva Según izan zen interesgarrienetakoa. 1986an etorri zitzaion ospea, urteko lan mexikar-amerikar onenaren Grammya jaso zuen Ay te dejo en San Antonio diskoarekin. Horren ondoren oso disko onak egin zituen, esate baterako, Flaco’s Amigos, Ry Cooderren eta Peter Rowanen parte-hartzearekin. 1990ean Suitzako Montreauxeko Jazz Jaialdian egon zen, eta 1992an WOMADen. 1990ean agertu zen, bestalde, Texas Tornados taldearekin egin zuen izen bereko lehen diskoa. Bertan entzule anglosaxoiei zuzenduriko tex-mex musika egin zuen, ingelesezko testuak erabiliz, rock and roll eta country-aren ukituekin. Disko horrekin beste Grammy bat irabazi zuen. 1992an Partners kaleratu zuen, Stephen Stills, Dwight Yoakam, Ry Cooder, Los Lobos, Emmylou Harris, John Hiatt eta Linda Ronstadten parte-hartzearekin. Rolling Stonesekin, La Guardiarekin, Oskorrirekin eta Vargas Blues Bandekin ere aritu da elkarlanean.