jenizaro
(Turkieraz, jeni zeri; Eusk. “soldadu berria”). iz. Turkiako armadako oinezko soldadua XIV-XIX. mendeetan. Goi mailako armada taldea eratu zuten jenizaroek Turkiako gudarostean eta indar politiko handia izan zuten XVI. mendetik aurrera. Lehen jenizaroak Balkanetako herrietan gatibu hartutako gazte kristauen artetik bereizi zituzten eta 1680. urtea arte ez zen Turkiako gazterik haien arteko onartu. Diziplina gogorra zuten, zelibatoa barne, eta aga edo buruzagi militar batek gidaturiko taldeetan banatzen ziren. XVI. mendearen bukaeran hasi ziren zelibatoaren eta beste neurri estu batzuen aurreko zorroztasun hura leuntzen. XIX. mendearen hasieran, Turkiako armada mendebalekoen moldeetara egokitzeko sultanek abiarazitako neurrien aurka agertu ziren jenizaroak eta Mahmud sultanaren kontra matxinatu ziren 1826an. Zapalkuntza guztiz bortitza izan zen, Mahmudek armada-taldea desegin eta matxinatu guztiei lepoa mozteko agindua eman zuen. v Jenizaroen musika. Mus. Turkiako sultanen goardia militarraren musika berezia (1400-1826 inguru). Jenizaroen musika tresnak danbor handiak, tinbalak, triangeluak eta Turkiako zintzarria ziren, besteak beste. 1800 inguruan jenizaroen musika oso ezagun bihurtu zen Europan. Mozartek Entführung aus dem Serail (Harenetik bahitua) operan erabili zuen eta K. 331 Piano Sonataren rondo «alla turca»n. Beethovenek ere erabili zuen Bederatzigarren Sinfoniaren amaieran.