genero
iz. Gram. Izenak eta, zenbait motatan sailkatzen dituen gramatika kategoria. || Biol. Familia bat zatitzen den sail bakoitza. v Landare eta animalien sailkapenean, familiaren eta motaren arteko maila, mota bereko taldeak hartzen dituena. Sailkapen unitate nagusia da zoologian. Generoa adierazten duten zientzia izenek letra larria dute hasieran eta letra etzanaz idazten dira. v Gram. Sexu bereizketan edo bestelako tasunen batean oinarritzen den gramatika kategoria. Zenbaitetan sexuarekin zerikusia bada ere, gramatika generoa arbitrarioa da. Hizkuntza batzuek ez dute gramatika generorik (euskarak, adibidez), maskulinoa eta femeninoa bereizten dituzte beste batzuek (gaztelaniak eta frantsesak adibidez), eta hiru sail, maskulinoa, femeninoa eta neutroa beste batzuek (alemanak, errusierak…); badira hizkuntza batzuk, Afrikako zenbait hizkuntza, sei generotik gora dituztenak, eta sexuarekin zerikusirik ez dutenak. v Euskaraz oro har izenak generoa adierazten ez badu ere, aditzarenean bigarren pertsonak bereizten ditu maskulinoa eta femeninoa (duk/dun). Lexikoan ere generoa (eta sexua) bereizteko erarik bada (gizon/emakume, zaldi/behorra…). Bestalde, behe-nafarreraz eta zubereraz (eta erronkarieraz) bada -sa atzizkia, izen femeninoak eratzeko; beste euskalkietan, ordea, ez da atzizki emankorra. Hala ere, maileguetan (Eliza Santa Katolika, emakume alta bat), eta baita ahozko erabileran ere (gezurtero/gezurtera) badira adibideak euskalki guztietan.