Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jemen

(Al-Jumhuriyah al-Yamaniyah, Jemengo Errepublika). Asiako estatua, Arabiako penintsulako hego-mendebaleko muturrean. 472.099 km2 eta 11.843.000 biztanle (jemendarrak). Mugak: iparraldean, Saudi Arabia; mendebalean, Itsaso Gorria; hegoaldean, Adengo golkoa, eta ekialdean Oman-go emirerria. Jemengo Errepublikaren estatuaren barnean daude Kamaran uharteak (Itsaso Gorrian, 3.700 km2, eta Socota uhartea, Arabiako itsasoan, 3.626 km2). Hiriburua: Sanaa. Hiri nagusiak: Aden, Al Xaab, Hodeida, Ibb, Marib, Moka, Mukalla, Saada, Taiz, Tarim, Xeik Uthman. Hizkuntza ofiziala: arabiera. Erlijio ofiziala: islama. Dirua: Jemengo riala.  v  Orografia. Hiru lurralde mota bereizten dira oro har Jemenen: itsasertzeko ordoki estua (6-65 km-ko zabalera), Jemengo goi-ordokia eta mendialdea erdialdean (Al Asha, 3.227 m, eta Hadur Shuayb, 3.760 m, dira mendialde gorenak) eta Jemengo basamortua, ipar eta mendebalera. Jemengo goi-lurrek hartzen dute azalera handiena (hiru bosten).  v  Klima. Arabiako penintsulako beste lurraldeen aldean, Jemengo lurra hezeagoa eta oparoagoa da oro har. Euria garaieraren araberekoa da. Basamortuan eta itsasertzean oso euri kopuru apalak jasotzen dira (100 mm-tik behera) eta, askoz ere handiagoak (400-700 mm bitartekoak) goi-lurraldeetan. Tenperatura beroak nagusitzen dira Jemen osoan zehar urtaro guztietan (25-32° C bitartean batez beste), baina neguak hotzak izaten dira barneko mendialde garaietan.  v  Biztanleak. Jemengo biztanle gehienak arabiarrak dira arrazaz eta musulmanak (sunniak eta xiiak) erlijioz. Emigrazio herria da Jemen; lanerako sasoian dauden gizonezko askok sortaldea utzi eta Saudi Arabiara eta petrolio asko duten emirerrietara jo dute azken aldi honetan bizibidearen bila, baina joera hori guztiz aldatu zen, Jemengo errepublika batuak Irakeko Sadam Hussein-en politika babestu zuelarik, Saudi Arabiak langile jemendarrak lan-eskubiderik gabe utzi zituenean (1991). Judu komunitate bat bizi izan da Jemenen, Sanaa-ko hirian bereziki, XX. mendea arte, baina Israel aldera jo dute gehienek azken hamarkada hauetan.  v  Ekonomia. Laborantzak garrantzi handia du (kotoia, fruituak, laboreak, moka kafea eta qat izeneko landare haluzinogenoa), baina ez da aski, oro har, biztanle guztien beharrak asetzeko. Abere hazkuntzak ez du halako muntarik (ardi azienda, gameluak) eta jemendarrak gero eta ardura handiago ari dira jartzen arrantza baliabideen ustiapenean. Mea hobi aberats samarrak daude Jemenen (burdina, batez ere, eta gatza, ikatza, kobrea, sufrea, beruna, zinka, urrea, uranioa…) eta, Arabiako penintsulako beste lurretan ez bezala, 1980tik aurrera hasi dira ustiatzen hasi bertako petrolio eta gas natural hobiak. Azpiegitura proiektu handietara bideratu dira industria mailan eginiko ahalegin garrantzitsuenak (lurren ureztatzeko proiektuak, hirietako azpiegitura, oinarrizko industria, janari industria, petrolio findegiak…). Errepide sarea, bestalde, osatu gabe dago oraindik eta bideen egoera txarra da oro har. Kai nagusia Hodeida da eta nazioarteko aireportuak daude Sanaa, Hodeida eta Taizz hirietan.  v  Historia. Lau erresuma bereizten ziren antzina Jemengo lurraldean, K.a. lehen milaurtekoan: Saba, Main, Qtaban eta Hadramawt. Sabako erresuma izan zen guztietan garrantzitsuena; preziatuak ziren oso bertako lurrinak Asiako sortalde guztian eta, Itsaso Gorriaren eta Indiako Ozeanoaren artean zegoelarik, garrantzi handia hartu zuen erresuma hark merkataritzan. K.a. V. mendean Eritrea eta Abisinia aldera zabaldu ziren sabatarrak eta Jemengo beste erresumak menderatu zituzten ondoko mendeetan. K.o. IV. mendetik aurrera, kristauguneak sortuz joan ziren alde hartan eta zailtasun handiak eduki zituzten, juduen eragina handia baitzuten bertako agintariek (himyari tribu sabatarrak). K.o. VI. mendearen hasieran (525), etiopiar kristau monofisitak nagusitu ziren Jemenen eta Persiako osteek konkistatu zuten berrogei urte geroago. Orduan antzinako Sabako erresumaren gainbehera etorri zen (guztiz hondatu ziren garai bateko ubide eta ureztatze-eraikinak) eta beduino tribu arabiarrak egokitu ziren arian-arian Jemengo lurretan. Beduino haiek eraman zuten islama eta musulmanak nagusitu ziren (632-634). IX. mendean, Bagdad-eko kalifaren mendean geratu zen Jemen, baina bertako dinastia txikiak ziren han benetako nagusi, eta estatu burujabe bat sortu zuen Ipar Jemenen Yahya ibn al-Hussayn, zaydi dinastiaren aitzindariak (893-894). Saladinek Egiptoko ayubiarren mende ezarri zituen Jemengo lurrak XII. mendean eta lurralde oparoa izan zen hurrengo mendeetan, Mediterraneo itsasoaren eta Indiako Ozeanoaren arteko merkataritzari esker. XVI. mendearen hasieran zabaldu zen inperio otomanoa Jemen aldera, baina bertako herriak aurre egin eta turkiarrak ez ziren sekula erabat nagusitu. Ingelesak 1618an finkatu ziren lehenengoz Moka hirian eta XIX. mendean erabaki zuten hango kostaldea erabat hartzea (Aden, 1839; Perim, 1857), Indiarako bidea zaintzearren. 1872. urtean zehaztu ziren inperio otomanoaren eta Adengo kolonia ingelesaren arteko mugak eta matxinada ugari izan zen otomano eta ingelesen aurka eta, turkiarren inperioa behera etorri ondoren (1919), Yahya al-Mutawakkil Alaallah iman zaydiak zehaztu zuen Saudi Arabiarekiko muga iparraldean eta 1939an amaitu zen britainiarren okupazioa Adenen. Jemengo herria giro feudalean bizi izan zen, 1962. urtean errepublika arabiarra onartu zen arte. Berehala piztu zen erregezaleen eta errepublikazale ezkertiarren arteko Gerra Zibila. 1967. urtean sortu zen Hego Jemengo herri errepublika (Aden hiriburu) eta 1970. urtean sinatu zen Jemen bitan banatzen zuen hitzarmena: Hego Jemengo herri errepublika demokratikoa (Aden hiriburu zela), marxista, eta Ipar Jemengo errepublika arabiarra (Sanaa hiriburu zela), gobernu militar baten manupean eta Saudi Arabiak eta mendebaleko potentziek bultzatua. Berriro hasi ziren 1979ko hasieran bi Jemenen arteko guduak, baina hilabete geroago amaitu ziren. 1986an gudu latzak izan ziren Hego Jemenen, moderatuen eta ezkertiarren artean (10.000 hiletik gora), eta 1988tik aurrera hasi zen Jemen bateratzeko prozesua. 1990eko maiatzean batu ziren Jemengo bi errepublikak (eragin handia izan zuen prozesu honetan Irakeko gobernuak) eta Sadam Husseinen alde agertu zen Jemengo gobernua urte bereko abuztuan, Irakeko armada Kuwaiten sartu ondoren. Erabaki honen ondoren, bazter utzi dute Jemengo errepublika Saudi Arabiak, emirerri arabiarrek eta mendebaleko potentziek, eta une zailak bizi ditu Jemenek gaur egunean.