Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Java

(Djawa edo Jawa ere deitua). Indonesiako uhartea, Malaysiako uhartediaren hegoaldean. Mugak: Sumatrako uhartea mendebalean (Sondako itsasartearen bestaldera), Borneoko uhartea iparraldean (Javako itsasoaren bestaldean), Baliko uhartea (Baliko itsasartearen bestaldean) uharteen artean Sonda izeneko uharte multzokoa, Javako itsasoaren (iparraldean) eta Indiako Ozeanoaren (hegoaldean) artean. 132.187 km2 eta 98.711.800 biztanle (Malaysiarrak gehienak) [1984]. Hiriburua: Jakarta, Indonesiako hiriburua. Hiri nagusiak: Surabaya, Bandung, Semarang. Erlijioa: musulmanak dira biztanle gehienak.  v  Orografia. Malaysiako uhartediko sumendi mendikatea eratzen dute Javako mendiek, Sondako itsasartearen eta Baliko itsasoaren artean daudenek. Haran gehientsuenak hegoaldean daude. Ibaiak: Solo, Brantas, Manuk.  v  Klima. Ekuatorekoa, hezea. Bi urtaro bereizten dira, mendebaleko montzoi haizeak eragiten duena bata, urtaro hezea, eta lehorra bestea. Landareria eta fauna (krokodiloak, zaldiak, tigrea, errinozeroa) aberatsak dira. Erdialdean eta mendebalean baso asko daude.  v  Ekonomia. Nekazaritza da jarduera nagusia, horretarako baldintzak oso onak baitira (klima hezea eta egonkorra da, lurra emankorra, eskulana ugaria eta kontsumoko merkatua zabala). Arroza, artoa, kafea, kakaoa, kautxua lantzen dira, batez ere. Industria batzuk ere badira: azukre eta petrolio findegiak, eztainu eta beste zenbait metalen fundiziorako lantegiak...  v  Historia. Aspalditik bizi da jendea Javan; hala erakusten dute han aurkitu diren fosilek. Yavdvïpa izenaz agertzen da Indiako epopeian eta Iabadiu izenez Ptolomeoren geografian. Kristau garaiko lehen mendeetan hinduismoaren eragina zen nagusi. Aginpidea printzeen esku zegoen. Haiek zergak kobratzen zizkieten nekazariei eta nekazaritza gaiak kaietara eramateko garraiobideak egokitzeko ardura zuten. 732an sortu zen estatu gisa antolatutako lehen lurraldea, Sanjaia, dinastia budistako erregearekin. Javako literatura lanik zaharrenetarikoa idatzi zuen Airlangak lurraldea batu zuen 1028 eta 1035 artean. Airlanga hil zenean, bi erreinu sortu ziren Janggala mendebalean eta Panjalu edo Kediri ekialdean. Azken honek indar handia hartu zuen eta Javako artearen eta literaturaren garapena ekarri zuen. Javak 1293an iritsi zuen urrezko aroa; garai hartan lotu zuen Javak benetako nagusitasuna Sondako gainerako uharteekiko. 1520 aldera sartu zen budismoa Javan. Ondoren portugaldarrak iritsi eta lurralde gehienak hartu zituzten; 1602 aldera holandarren esku geratu ziren lurralde haiek guztiak. Sartaldeko Indietako Konpainia sortu zuten, eta konpainia izan zen uharteko agintaria bertakoen matxinadak zapalduta. Daendels gobernariaren erreformaren ondorioz printzeei aginpidea kendu zitzaien, nekazariek Konpainarentzat lan egin behar izan zuten eta uhartearen defentsarako plana eratu zen. 1903an eman zitzaien javarrei administrazioan parte hartzeko eskubidea, eta 1925etik aurrera legegintzan parte izan zuten. Javako itsasoko gatazkaz geroztik (1942), Japoniarrek hartu zuten uhartea. Gerraren ondoren, Java erdialdea eta mendebala Indonesiako Errepublikan sartu ziren eta Herbeherek sortutako gainerako estatu autonomoak ere bai 1950ean.  v  Artea. Javako artean garai asko bereiz daitezke, historian zehar kolonizatu zuten herrien ezaugarriek mugatuak, baina urrezko aroa VII-IX. mendeen artekoa izan zen. Garai hartan Javako aginpidea Cailendra dinastiaren esku zegoen. Caliendra dinastia Indiakoa zen jatorriz, baina Indonesiako lurralde askotara hedatu zuen bere aginpidea; haren eraginez budismoak hinduismoaren tokia hartu zuen eta Javako erlijio nagusi bihurtu zen. Garai hartako arte lan aipagarrienak hilobi budistak dira; hilobi garrantzitsuenak Dieng ordokikoak (gaur egun zortzi gelditzen dira) eta bereziki, Barabudur santutegi budista (800. urte inguruan eraikia) dira. Barabudur santutegia piramide formakoa da, oin karratuko bost solairu eta horien gainean oin biribileko beste hiru solairu ditu; barnealdean Budaren bizitzaren pasarteak aditzera ematen dituzten behe-erliebeak daude, gupta estilokoak. Barabudur santutegiak unibertsoaren harmonia eta izadiaren edertasuna, adierazten ditu eta Javako erlijiozko artearen gune garrantzi handieneko bat da. Horiez gainera aipatzekoak dira, besteak beste, Jabungo tenplu biribila, hinduista, Sewu tenplua eta Prambanan tenplua. Urrezko aroaz gainera garrantzizkoa izan zen XII-XIII. mendeetako artea, islamaren eragina nabarmen adierazten duena. Garai hartako arte lan nagusiak tenpluak eta bainuak dira.  v  Musika. Javako musikan aipagarria da gamelana; mendebalean ezagutzen den orkestraren antzekoa da gamelana eta orkestra osatzen duten musika tresnek osatzen dute. Jatorria Malaysian du baina hinduismoaren, islamaren eta Ekialde Urruneko eraginak jaso ditu. Eskalen artean bi dira oinarrizkoak:slendro eta pelog.