Jauregi Lasanta, Julio
Bizkaitar politikaria (Bilbo, 1910 - Madril, 1981). Zuzenbideko ikasketak egin zituen Deustuan eta ELA-STV sindikatuko abokatu izan zen ondoren. Gizarte sailaren zuzendari izan zen Euskadi agerkarian. 1936. urtean EAJ alderdiko diputatu hautatu zuten. Gerra Zibilaren garaian Bizkaiko Defentsarako Batzordeko industriako komisarioa eta Eusko Jaurlaritzako Idazkari Nagusia izan zen Bartzelonan. Frantzian euskaldunen Ameriketarako emigrazioaz arduratu zen baina polizia frantsesak atxilotu eta Ardèche-ko herrira bidali zuen ondoren. Mexikora jo zuen handik eta bertan eman zuen argitara Acusaciones sin fundamento idazkia (1945). Erbestetik itzuli eta EAJko senatari izan zen 1979-1981 bitarteko urteetan.