Jáuregui Atondo, Ramón
Gipuzkoar politikaria (Donostia, 1948). Alderdi Sozialistako kidea. 1987tik 1991ko urtarrila bitartean, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen, eta 1988tik 1997ra PSE-PSOE –1993tik aurrera, PSE-PSOE/EE– alderdiaren idazkari nagusi, 1985etik 1988ra alderdi horren presidente izan ondoren. Euskal Herriko sozialisten idazkaritza nagusia 1997an utzi zuen, PSOEren Agintaritza Batzorde Federalean ardura berriak hartzeko. 1980. urteaz geroztik, legegintzaldi batean baino gehiagotan izan da Eusko Legebiltzarreko kide: 1980an Gipuzkoako zerrendetan hautatu zuten legebiltzarkide, 1990ean Arabakoetan eta 1994an Bizkaikoetan. 1995etik 1997ra Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu izan zen. Nahiz eta 1994az geroztik izan PSOEren Agintaritza Batzorde Federaleko kide, 1997ko XIV. Kongresuan hautatu zuten Politika Autonomiko alorreko idazkari Zuzendaritza Federaleren baitan, eta orduz geroztik Madrilen aritu da gehienbat politikagintzan. 2000. urteko hauteskundeetan diputatugai izan zen Arabako zerrendaburu gisa, eta hautatu ere egin zuten. Orduz geroztik, beraz, diputatua da Madrilgo Kongresuan. Barne-batzordean talde sozialistaren bozeramaile izan zen, 2000. urtean Gizarte Politika eta Enplegu batzordean sozialisten bozeramaile bilakatu zen arte.