Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Janosch

(Jaiotza izena, Horst Eckert). Alemaniar idazle eta ilustratzailea (Zabrze/Hindenburg, Silesia, 1931). Die Zeit egunkarian hasi zen kontakizunak eta ilustrazioak plazaratzen, eta 1960ko hamarkadaren hasieran argitaratu zituen haurrentzako lehen liburuak, bere marrazkiez hornituak gehienak: Flieg, Vogel, flieg (1971, Hegan egizu, txoria, hegan egizu) eta Oh, wie schön ist Panama (1978, Oi, zein ederra den Panama). Telesailak kritikatuz, western istorioak eta lapurrenak idatzi zituen, esate baterako, Der Mäusescheriff (1969, Saguen sheriff-a) eta beste tankera bateko komikiak egin zituen: Die Globericks 1-5 (1973-1975, Globericktarrak). Helduentzat bi nobela idatzi ditu: Cholonek oder Der liebe Gott aus Lehm (1972, Cholonek edota buztinezko jainko maitea) eta Sacharin im Salat (1975, Sakarina entsaladan). Bere testuetan ez dago alegiazko elementurik, aitzitik, aurrez aurre jartzen ditu ipuin herrikoietako mundu idiliko eta harmoniatsua eta gaur egungo errealitatea, esate baterako, Janosch erzählt Grimm’s Märchen (1972, Janosch Grimmtarren ipuinak kontatzen) liburuan, eta aldi berean westernak eta komikiak ipuin herrikoiaren elementuez aberasten ditu. Polski Blues (1991) eta Shäbels Frau (1992, Shäbelen emaztea) nobelak ere idatzi ditu.