Jano
(Lat. Ianus). Mit. Erromako antzinako jainkoa, Erromako inperioaren urrezko garaikoa. Bi aurpegiko irudia du, aurrera begira dagoena bata eta atzera begira bestea. Janoren jatorria zein den ez dago argi, baina nolanahi ere Erromako jainkoetan zaharrenetakoa da. Ateen (lat. “ianuae”), arkuen (lat. “jani”) eta hasiera guztien jainkoa zen. Sartu-irtenetan gurtzen zuten eta familia burua izaten zen gurtza horretako flamen edo apaiza. Tenplu bat eraiki zioten Palatinoko erromatarrek eta Quirinal-go sabinotarrek. Bi herrien arteko bidean eraiki zuten eta irekita uzten zuten gerra garaietan sabinotarrak eta erromatarrak lasai pasa zitezen alde batetik bestera; eta ixten zuten bake garaietan, herri bakoitzaren bakartasuna ondo gordetzeko. Jainko honi eskaintzen zizkioten Erroman urteko lehen hilabeteko lehen eguna, eguneko lehen ordua, eta hasiera guztiak. Urtarrileko hila eskaini zioten honenbestez erromatarrek Janori (Lat. “ianuarius”).