Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

janari

iz. Elikatzeko gaia, isurkaria ez dena, gizakiek hartzen dutena, bereziki. || Janari(-)denda. Janariak saltzen direna.  v  Kim. Izaki bizien energia iturria, animaliena bereziki. ik. elikagai, elikatze.  v  Janari kontserbatzea. Janari gehienek bakterioak, lizuna edo mikroorganismoak izaten dituzte beren baitan, eta horiek dira janariak hondatzea ekartzen duten eragile nagusiak; entzimek, kimika erreakzio batzuek eta oxidatzeak ere janaria hondatzen dute. Hala ere, gai horietako batzuk erabilgarriak dira janariak eta edariak egiteko (gai hartzitzaileak ardoa egiteko; lizuna gazta batzuetarako; entzimak gazta edo garagardoa egiteko…). Mikroorganismoak ugal ez daitezen janaria hoztu, izoztu eta lehortu egiten da batzuetan, tenperatura handietaraino berotu beste batzuetan, eta haizerik gabe ontzietan sartu. Azkenik, entzimen eragina eta mikrobioen ugaltzea galarazteko gai kimikoak edo hartziduraz sortutako gaiak erabiltzen dira. Gehienetan janaria kontserbatzeko ez da sistema bakarra erabiltzen, bat baino gehiago baizik. ■ Janari lasterra. Jatetxe edo leku espezializatuetan erosi ahala jateko prestaturik saltzen den janaria. Jakirik ohikoenak sandwichak, hanburgesak, pizzak, oilaskoak, patata arrautzopilak, zopak, entsaladak, pastak… izaten dira, eta edarien artean, irabiakiak eta alkoholik gabeko freskagarri eta edari beroak. Jakiak eskuratzeko ez dago aurrez eskatu edo gordetzeko agindu beharrik. Ugariagoak dira hirietan, bertako bizimoduaren lastertasuna dela-eta eskaria handiagoa baita. Belaunaldi berrietako jende asko etxeko janariaren ordezkotzat hartzen ari dira jakiok, eta, batzuen iritziz, hori kezkagarria da, janari horiek prozesatuegi daudelako, eta azukre findu, gantz ase, gatz eta gehigarri asko dutelako. Hala ere, gaur egun jendeak elikadura eta osasunarekiko kezka gero eta handiagoa duela jakinda, industria sektore honetako arduradunak bertako jakien eskaintza zaintzen hasi dira, eta gero eta gehiago dira, adibidez, barazkijaleentzako jakiak. Bestalde, oso bizkor hedatzen ari direnez, janaria etxera eramateko ontzien fabrikazioa ere handituz doa, eta horrek ingurumenean kalteak eragiten ditu.