Janáček, Leoš
Musikagile, zuzendari, organo-jotzaile eta musika irakasle txekiarra (Hukvaldy, Moravia, 1854 - Ostrava, 1928). Hamaika urte zituela Brno-ko agustindarren monasterioan koruko kantari sartu zen eta Pavel Krizkovskyrekin egin zituen han musika ikasketak. Haren lekua hartu zuen gero koruko zuzendaritzan, hamasei urte baino ez zituela. Pragara eta Leipzigera joan zen ondoren ikasketak osatzera. Hogeita hamar urte inguru zituenean, Brno-ra itzuli zen eta Moraviako herri musika ikertzen eta ikasten hasi zen. Brno-ko Organo Eskola ere sortu zuen 1881. urtean, eta eskolako zuzendari eta arduradun izan zen 1919. urte arte. Brno-ko Elkarte Filarmonikoko zuzendaria ere izan zen, eta bertako kontserbatorioko konposizio irakaslea. Tradiziozko moldeak maldan behera zihoazen unean, L. Janáček-ek, beste txekoslovakiar batzuekin batera, forma sinfonikoa berpiztu zuen. XX. mendeko musika abertzaletasunaren ereduetako bat izan da. Lehen lanetan Smetana eta Dvorak-en ukitua nabari bazaio ere, Janáček-en lan aipagarrienetakoa den Jenufa operan (1904), askeago dabil halako eraginetatik. Beste opera batzuk: Halabeharra (1903-6), Katia Kavanova (1919-21) Sarka (1887-1925), Azeri maltzurra (1921-23), Makropoulos Auzia (1923-25), Hildakoen Etxean (1927-28). Operez gainera lan hauek dira aipagarriak: bi Harizko Kuarteto, Taras Bulba rapsodia (1915), Gaztaroa haize tresnetarako sextetoa (1924), biolin eta pianorako Sonata, Sinfonietta (1926), eta Meza glagolitikoa (1926), bere lan ospetsuenetako bat.