Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

jainko

iz. Sineste eta erlijio bakoitzak nolakotasun bereziaz irudikatzen duen izaki gorena, pertsona izaera ematen zaiona eta munduaren sortzailetzat hartzen dena. ◊ (J larriz eta mugaturik). Bibliako eta kristautasuneko jainko bakarra. || Gizonaren gaineko izakia, ahalmen eta aginte bereziz hornitua.  v  Izaki gorena, lehenengo arrazoia, berezko izaera duena (beste izaki baten mendekoa ez dena), absolutua, amaigabea, betierekoa, perfektoa, ahalguztiduna, orojakilea, eta onena da jainkoa. Historialariak ez datoz bat Jainkoaren ideia nola sortu zen argitzeko. Batzuen ustez antzinako erlijioak politeistak ziren, eta pixkanaka jainko bakar batean sinestera iritsi ziren. Baina Afrikan, Ameriketan eta Australian antzinakoen erara bizi diren leinu batzuei buruz egindako ikerketetan ikusi da horien artean ere badirela jainko bakar batean sinesten dutenak. Nolanahi ere, munduaren eta gizonaren sorrerarekin dago lotua kultura guztietan jainkoaren ideia. Jainko bat edo gehiago diren kontuan hartuta egiten da erlijioen banaketa: politeistak dira jainko bat baino gehiago gurtzen duten erlijioak (Egiptoko erlijioa, greko-erromatarra edo azteka adibidez, politeistak dira) eta monoteistak jainko bakarra dutenak (munduko hiru erlijio nagusiak, judaismoa, kristautasuna eta islama, monoteistak dira). Dualistak dira bi hatsapen goren eta aurkako (ona eta okerra), eta, beraz, bi jainko dituzten erlijioak. Antzinako erlijioen artean zoroastrismoa, Zoroastrok edo Zaratustrak predikatu zuena, izan zen dualismoa eratu zuena, kristautasuna sortu baino sei mende lehenago. Horrek baino eragin handiagoa izan zuen K.a. III. mendean Manes-ek sortu zuen erlijioa, manikeismoa, gero Persiara, Egiptora eta Txinara hedatu zena. Erlijio kristaua eta zoroastrismoa bat egin nahi izan zituen manikeismoak. Europan Erdi Aroan dualismoaren ideiak beretzen zituzten heresia ugari sortu zen. Azkenik, panteistak dira izatearen batasuna eta errealitateaz kanpo dagoen jainkorik ez onartzea ezaugarri duten erlijioak. “Guztia da Jainkoa” da panteismoaren oinarria. Budismoa da erlijio panteista ezagunena; antzinako greziar monistak ere panteistak ziren.