Jakue
(Katalanez, Jaume). Aragoi, Katalunia eta Mallorcako zenbait erregeren izena. v Jakue I.a Konkistatzailea. (Montpellier, 1208 - Valentzia, 1276). Balear Uharteetako uharteak konkistatu zituen eta Valentzia hartu zuen; 20 urtez borrokatu zen Murcian mairuekin. Legedi berria ezarri zuen 1247an. Gudarostearen antolatzaile ona izan zen. v Jakue II.a Zuzena. (1264 - Bartzelona, 1327). Jakue I.aren biloba eta Petri II.aren semea, Siziliako erregea. Aita Santuak Sardiniako eta Korsikako errege egin zuen. Leridako unibertsitatea sortu zuen. v Jakue II.a. Mallorcako erregea (Montpellier, 1243 - Palma de Mallorca, 1311), Aragoiko Jakue I.aren bigarren semea. Balear Uharteen, Rosellóren eta Montpelliergo Jaurerriaren jabegoa eman zion aitak. Mairuen eta Alfontso bere ilobaren aurka borrokatu zen eta Aragoiko erregearen mende geratu zen 1295ean. v Jakue III.a. Aurrekoaren biloba, Mallorcako errege izan zen 1324tik (Catania, Sizilia, 1315 - Lluchmajor, 1349). Bere ondareak kendu zizkion Aragoiko Petri IV.ak eta horiek berreskuratu nahian hil zen Lluchmajor-go borrokan. v Jakue II.a. Jakue II.aren semea (Perpinyà, 1336 - Soria, 1375). Lluchmajorgo borrokan parte hartu zuen. Preso hartu zuten baina ihes egitea lortu zuen. Napoliko Juana I.arekin ezkondu zen eta Mallorcako erreinua eskuratzeko ahaleginak egin zituen Gaztelako erregeen laguntzarekin. Rosellon hartu eta Mallorcan sartu zen, baina azkenean Gaztelara erretiratu behar izan zuen.