Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

jainismo

iz. Erl. Indiako erlijioetako bat, budismoa bezala, hinduismoari aurre egiteko sortu zutena. Vardhamana igarlea, Mahavira izenaz ezaguna, izan zen erlijio honen aitzindaria (K.a. VI. mendean). Jainismoaren 24. igarlea da eta aurreko 23ak bezala santutzat eta Indostango gainerako jainkoez goitikotzat hartzen dute Mahavira. Dogmatismoa eta aszetismoa zurruna ditu oinarri jainismoak, eta arimak nirvana egoerara bideratzea du xedea. Hori lortzeko izpirituak berriro piztu beharko du zazpi alditan. Nirvana lortuz gero arima materiatik aske geratuko da. Ezagutza, fedea eta zintzotasuna dira, jainismoaren arabera, salbamena lortzeko beharrezko diren bertuteak, eta bost boto bete behar dituzte fraide jainistek: bizidunik ez hiltzea, gezurrik ez esatea, lapurretarik ez egitea, sentsualitateaz ez gozatzea eta inorekiko jaierarik ez edukitzea. Bi ordena izan dira jainisten artean: digambara izenekoa bata, eta svetambara bestea. Hasieran kasten aurka zegoen jainismoa baina gaur egun onartu egiten ditu jainismoak. Erlijio higikunde honek ez du jarraitzaile ugari izan, baina toki askotara zabaldu da merkatariak izan baitira jainista gehienak.