Jabès, Edmond
Italiar jatorriko idazle frantsesa (Kairo, 1912 - Paris, 1991). Bere familia judu jatorrikoa zen, eta 1957an alde egin behar izan zuen Egiptotik faxismoaren aurka borroka egiteagatik. Judaismoaren bila egindako bide luzea da bere poemagintzaren oinarria. 1963-1991 bitartean hamabost liburu idatzi zituen, zenbait multzotan bilduta. Esate baterako, Le Livre des qestions (1963, Galderen liburua); Le Livre de Yukel (1964, Yukelen liburua); Le Retour au Livre (1965, Liburura itzulirik); Yael (1967); Elya (1969); Aely (1969); El ou le Dernier Livre (1973, Azken liburua); Le Livre des ressemblances (1976, Antzekotasunen liburua); Le Soupçon le Désert (1978, Susmo txarra Basamortua); L’Ineffaçable l’Inaperçu (1980, Ezabaezina Oharkabekoa), edota, azkenaldian idatzitako Le Petit Livre de la subversion hors soupçon (1982, Susmo txarrik gabeko subertsioaren liburutxoa) eta Le Livre de l’hospitalité (1991, Abegi onaren liburua). Aipagarria du, halaber, Du Désert au livre (1981, Basamortutik liburura), Marcel Cohen frantses literatura kritikariarekin izandako elkarrizketa liburua da.