Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

izozmendi

iz. Iparburu edo Hegoburu aldeko hormaguneetatik askatzen den izotzezko masa, itsasoan ur gainean doana; hormamendia.  v  Geol. Itsasora heltzen diren glaziarrak edo itsasoko izotz geruzak uhinen higalanaren eta tenperatura epelen eraginez hausten direnean sortzen dira izozmendiak, eta itsas lasterren mendean geratzen dira, itsasoan alderrai. Bere ibilian, izozmendiaren masa gutxituz doa higaduraren ondorioz (uhinak eta euria), eta piskana urtuz. Hegoburuan izozmendi askoz gehiago izaten da (% 93) Iparburuan baino, eta handiagoak dira (8 km luze eta 45 m garai izan daitezke). Ur gainean ageri den izotz koskoa, ordea, izozmendiaren bederatzirena baino ez da izaten. Iparburuko izozmendiak Groenlandian sortzen eta Ternua inguruan biltzen dira, Labrador golkoko ur lasterrak bultzaturik. Hego hemisferioan, Hegoburuko ur lasterraren hegoaldean biltzen dira gehienak. Itsasketa galarazten dutenez, itsasontzi asko dabilen tokietan leherkariak erabiltzen dira izozmendiak puskatu ahal izateko.