Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Itzagaondoa

Nafarroako erdialdeko ibar eta udalerria, Itzaga mendiaren eta Gongolaz eta Tabar mendien artean (Zangozako merindadea). Izagaondoa du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Lizoain, Urrotz eta Longida; ekialdean, Longida eta Urraul Beiti; mendebalean, Aranguren eta Untzitibar, eta hegoaldean, Ibargoiti, Urraul Beiti eta Untzitibar. Garaiera, 623 m. 59,50 km2 . 1999ko datuen arabera, 168 biztanle ditu (itzagaondoarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Ardatz-Izagaondoa (herriburua), Beroitz, Gergetiain, Idoate, Indurain, Iriso, Lizarraga, Erreta, Turrillas, Urbikain eta Zuhatzu. Erro eta Irati ibaien adarrak zeharkatzen dute Itzagaondoako ibarra. Hizkuntza, gaztelania. Joan den mendearen hasieran galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Laborantzan (garia, garagarra, mahatsa, artoa, bazkarako landareak) eta abere hazkuntzan (ardi, behi eta zerri azienda) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera nagusia.