Itsaso Hila
Ur gazitako aintzira, Israelen eta Jordaniaren arteko mugan. 1.010 km2 ditu. Itsasoaren mailaren azpitik 394 m-ra dago (lurraren punturik beherena). Nagusiki Jordan ibaitik datorren ura (ureztapenak direla eta, aski urria) azkar lurruntzen delako da hain gazia, eta bizirik gabea: ez da bizi ez animaliarik batere eta ez landarerik ia, bakterioak bakarrik). Potasioa eta bromoa ateratzen dira bertatik. v Itsaso Hileko Eskuizkribuak. Antzina-antzinako larru eta papirozko eskuizkribuak. 1947an aurkitu ziren lehenbizikoak, Kumran-en, Itsaso Hilaren ipar-mendebalean, eta arkeologia modernoaren aurkikuntzarik garrantzizkoenetakotzat jotzen dira. Lurrezko ontzietan gorderik zeuden eta, arkeologoek frogatu dutenez, K.a. lehen mendetik K.o. lehen mende erdia bitartean idatzi edo kopiatuak dira. Kumran-en eta inguruko beste basamortu-zulo batzuetan aurkituriko eskuizkribu horiei esker, 70. urterako hebreerazko biblia finko bat bazela jakin ahal izan da. K.a. IV. mendetik K.o. 135. urtea arteko Palestinaren historiaren nondik norakoak ezagutzeko modua eman dute, eta hasierako Kristautasunaren eta juduen erlijio tradizioen arteko harremanak argitzeko bidea ere.