Irisarri
Nafarroa Behereko mendebaleko udalerria, Iholdiko kantonamenduan (Arberoa). Irissarry du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Heleta; ekialdean, Iholdi eta Suhuskune; mendebalean, Orzaize eta Makea (Lapurdi), eta hegoaldean, Orzaize, Jatsu eta Suhuskune. Garaiera, 225 m. 26,39 km2. 1999ko datuen arabera, 748 biztanle (irisartarrak). Auzo nagusiak: Erdoizea, Arotzarenia, Pagasune, Arbeletxia, Urrutitxarria eta Irisarri. Euskara, behe-nafarrera; euskaldunak, % 98. Laborantza (artoa, barazkiak, laboreak, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (ardi eta behi azienda nagusiki) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarria da Irisarriko eliza gotikoa, prioretxe zahar baten gainean eraikia. v Historia. XIV. mendean sortu zen Irisarriko herria, XII. mendeko ospitale baten inguruan (Irizuriko Ospitalea, Donejakue bideko erromesen zerbitzurako). Armendaritzeko eta Iholdiko hiriekin batera, Irisarriko lurraldea deituriko eremu autonomoa osatu zuen Irisarriko herriak. Irisarrin sortu zen Salvat Monho (1749), Frantziako iraultzaren aurkako bertsoek guztiz famatu zutena.