Irigoien Aranberri, Joan Mari
Gipuzkoar idazlea (Altza, 1948). Roman Irigoienen semea eta Imanolen anaia. Ingeniari ikasketak egin zituen. Futbol jokalaria izana da. 1973an hasi zen literatura jardunean Oilarraren promesa izeneko eleberriarekin. Bertan ageri da, dagoeneko, Irigoienen ikuspegi hautsia, haurtzaroan ezagutu zuen Altzarekiko mira, eta oraingo etxe espekulazioak lardaskaturiko Altzarekiko higuina eta deserrotzea. 1975ean Irun Hiria saria eskuratu zuen Hutsetik esperantzara olerki bildumari esker. Hego Ameriketako errealismo fantastikoaren eraginpean, 1983an, Poliedroaren hostoak eleberria argitaratu zuen. Udazkenaren balkoitik (1987) eta Babilonia (1989, Euskadi saria) eleberriak eman ditu berriki argitara. 1991n bere bigarren poema bilduma argitaratu du, Denborak ez zuen nora izenburuarekin. Bertan, barne begira jartzeko joera nagusitzen zaio, eta Sortaldeko poeten eragina. Roald Dahl idazle ingelesaren zenbait lan itzuli ditu euskarara. Lan hauek eman ditu argitara azkenaldian: Babilonia (1989, Euskadi saria), Consumatum est (1996) eta Kalamidadeen liburua (1997). Haur eta gazte literaturaren eremuan Metak eta kometak (1999) lana kaleratu du besteak beste. XVII. mendearen panorama zabala eskaintzen duen eleberri bat ere kaleratu du, Lur bat haratago (2000).