Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iratxeko monasterioa

Nafarroako monasterio zaharrenetakoa, Lizarrako hiritik hiru kilometrora, Aiegiko udalerrian.  v  Historia. Ez dirudi garrantzi handia izan zuenik XI. mende erdia arte. Donejakue bidearen ertzean eraiki zen eta ospitale bat eratxiki zitzaion 1054. urtean. Nafarroako koroari esker handitu zen Iratxeko monasterioaren ospea. XIV. mendean Nafarroan geratzen zen monasterio beneditar bakarra zen eta ordezkaritza zuten bertako abateek Nafarroako erresumako Gorteetan. Garai hartan berrogei eliza eta monasterio txiki zituen bere mende Iratxeko monasterio handiak. Inprimeria bat egokitu zuten bertan XVI. mendean eta Valladolideko San Benitoren Kongregazioari lotu zitzaion, 1522. urtean, Nafarroa Garaia Gaztelako koroaren mendean geratu ondoren. Unibertsitate bihurtu zuten hamabi urte geroago (1534). 1833. urtera arte iraun zuen bertako unibertsitateak eta lau urte geroago alde egin zuten betiko bertako mojeek. Bigarren gerra karlistan erietxea izan zen eta Eskolapioen Ordenaren ardurapean dago gaur egun.  v  Artea. Ez da ezaguna Iratxeko monasterioa eraiki zen data zehatza, baina lehen etxea IX-X. mendeetakoa dela esan daiteke. Monasterioaren parterik handiena eta ostatua XI. mendearen bigarren erdialdean eraiki ziren. Aipagarriak dira eliza (XII. mendean eraikitzen hasia eta, estilo gotikoaren moldeen arabera amaitua), XVI. mendeko klaustro platereskoa eta areto nagusia, XVIII. mendeko aurrealdea barrokoa. Bi atari erromaniko ditu monasterioko sarrerak.