Irati
Nafarroa Garaiaren (Aezkoa eta Zaraitzuko ibarrak), Nafarroa Beherearen (Garaziko lurraldeko hegoaldea) eta Zuberoaren (Larraineko hego-mendebaleko lurrak) arteko mendialdea eta oihana. Pirinioetako bi aldeetara hedatzen da, Orhiko gainetik (Pikatuetako mendatetik) Orbaizetako lurretaraino (Aezkoako mendebala). Europako pago eta izei baso ederrenetakoa da Iratiko oihana, 6.520ha guztira. Euskal Herriko oihan handi ederrena da inondik ere. Iratiko oihanaren inguruan dira Orhi mendia (2.018 m), Abodiko mendiak (Abodi, (1.520 m) Idokorria, (1.492 m), Gaztanbidea, (1.455 m), Bizkartze (1.656 m), Okabe (1.466 m), Errozate (1.346 m) eta beste gain asko. Euskal Herriko ibai garrantzitsuak sortzen dira Irati inguruko mendietan. Atlantiko aldera jotzen dute Errobi ibaiak (Ezterenzubiko mendietan sortua) eta Ezterengibel (Ezterenzubiko herrian biltzen zaio Errobiri) eta Lauribar (Donibane Garazin husten du ura Errobi ibaian) ibaiek. Mediterraneo aldera jotzen du Irati ibaiak, Urbeltz, Urtxuria eta Urrioko erreken ura jaso ondoren. v Historia. Iratiko lurretako aberastasunen erabilerak gatazka ugari sorrarazi du historian zehar. XVI. mendean hasi ziren Frantziako eta Espainiako koroen arteko eztabaidak Iratiko mugak zehazterakoan. XVIII. mendean, Frantziako eta Espainiako errege borboitarrek baso hustuketa neurrigabe bati ekin zioten, ontzitarako zur eske, eta garrantzi berezia hartu zuen Iratiko oihanak (masta ederrak eskaintzen zituzten, besteak beste, Iratiko izei tantai luzeek). XVIII. mendearen bukaeran, Karlos III.a Espainiako erregeak Orbaizetako burdinolan armaola handi bat egiteko asmoa agertu zuen eta Aezkoako mendien ustiapena berarentzat izatea lortu zuen, bertakoei egin zien zerga arintze baten truke. 7.593 ha ziren, pagoz eta izeiez estaliak gehienbat. Garrantzi handia izan zuen XIX. mendean Orbaizetako Armaolak. 1856. urtean zehaztu zituzten Frantziako eta Espainiako estatuek Iratiko mugak. Bestalde, berrehun urte ondoren berreskuratu ditu Aezkoako ibarrak bere mendiak (1982). Gaurko egunean, arriskuan jartzen dute Iratiko oihana alde bateko eta besteko gehiegizko zuhaitz mozteek.