Iran
(Izen ofiziala, Irango Errepublika islamiarra; Persieraz, Dshumhurije Islamije Iran). Asiako hego-mendebaldeko estatua. Mugak: iparraldean, Armenia, Azerbaijan, Kaspiar Itsasoa eta Turkmenistan; ekialdean, Afganistan eta Pakistan; hegoaldean, Indiako Ozeanoa (Persiako golkoa eta Omango golkoa); mendebaldean, Irak eta Turkia. 1.648.000 km2 eta 65.397.000 biztanle (2007, irandarrak). Hiriburua: Teheran (7.185.831 biztanle). Hizkuntza: persiera (ofiziala). Etniak: persiarrak % 51, azerbaijandarrak % 24, gilakiak eta mazandaraniak % 8, kurduak % 7, arabiarrak % 3, luriak % 2, balutxiak % 2, turkmeniarrak % 2. Erlijioa: musulman xiitak % 93,4; musulman sunniak % 5,7. Dirua: riala. ■ Lurraldea. Herrialdearen erdian meseta bat dago, mendiez eta basamortuez inguratua. Mendien artean aipagarriak dira Zagros mendiak, mendebaldean, eta Elbruz mendiak, iparraldean. Oasietan, laboreak eta frutak aldatzen dira. Kaspiar Itsasoko kostan, hezeagoa baita, gai tropikalak eta subtropikalak lantzen dira (kotoia, azukre kanabera eta arroza). Ingurumen arazo nagusiak dira basoaren galera, itsasoaren kutsadura Persiako golkoko gerraz geroztik, eta, hirietan, airearen kutsadura (automobilak, petrolio findegiak eta industriak eragina). ■ Biztanleak. Biztanleen erdia inguru persiarra da, duela 4.000 urte Asiako erdialdetik iritsi ziren herri indoeuroparren ondorengoa. Bigarren gizatalde handiena azerbaijandarrena da, biztanleen laurdena inguru hartzen baitu. Horiez gainera, talde txikiago asko daude: gilakiak eta mazandaraniak % 8, kurduak % 7, arabiarrak % 3, luriak % 2, balutxiak % 2, turkmeniarrak % 2. Herrialdeko hiri nagusia Teheran da, ia zazpi milioi biztanleko hiri handia. Hiriburuaren ondotik, hauek dira handienak: Mashad (1.760.000 biztanle), Isfahan (1.128.000 biztanle) eta Tabriz (1.090.900 biztanle). Biztanleriaren banaketa ez da berdina lurralde guztian, eta gorabehera handiak daude Kaspiar Itsasoko, Azerbaijango edo Teheran aldeko eskualdeetatik Balutxistan edo Khorasan eskualdeetara. Biztanle guztien % 57 hiriguneetan bizi da. Bizi itxaropena 69 urtekoa da. Analfabetismo maila % 30 ingurukoa da. ■ Irango hizkuntza ofiziala persiera da, baina gutxiengoek zeinek bere hizkuntza erabiltzen dute. Iranen xiismoa da erlijio ofiziala. Hala ere, Irango kanpoaldeko eskualdeetako etniek leialtasun handiagoa diote beren etniaren ohiturei gobernu irandarren aginduei baino, eta hala, balutxistandarrak hego-ekialdean, turkmeniarrak ipar-ekialdean eta kurduak mendebaldean, musulman sunniak dira. Azerbaijandarrak xiitak dira. Xiismoaren jarraitzaileen leku sakratu batzuk Iranen daude: Qom hiria, esate baterako, Teheranen hegoaldean dago. ■ Ekonomia. Irango ekonomia sistema bi motatakoa da, batetik atzeratua, garatze bidean dauden herrialdeena bezalakoa, eta bestetik aurreratua, siderurgian, petrokimikan, garraioetan eta telekomunikazioetan, adibidez. Petrolioaren irabaziek ekonomiaren hazkunde azkarra eragin zuten 1960tik aurrera. Erregimen aldaketarekin batera (1979), atzerritarren inbertsioek behera egin zuten eta ez zen industria berri gehiago ezarri. XX. mendearen bukaerako datuen arabera, Irango biztanleria aktiboa 20 milioi pertsonatakoa da. Horietatik % 44 zerbitzuetan aritzen da lanean, % 25 nekazaritzan, % 27 industrian, eta % 9 eraikuntzan. 1995ean langabezia tasa % 11koa zen. ■ 1950 ondoko urteetan, nekazaritzaren erreformarako programaren bidez 800.000 hektarea lur banatu ziren nekazarien artean. Lur hoberenak iparraldean, hegoaldean eta mendebaldean daude. 1990 ondoko lehen urteetan garia, patata, garagarra, mahatsa eta arrozarenak izan ziren ekoizpenik handienak. Beste gai garrantzitsu batzuk azukre erremolatxa, azukre kanabaera, artoa, egoskariak, zitrikoak, tabakoa, tea, landare oliotsuak eta pistatxoak dira. Abeltzaintza (ardiak, ahuntzak, behiak, astoak) garrantzizkoa da ipar-mendebaldeko eskualdeetan. Basoen ustiapena bertan behera utzi zen 1970 inguruan, neurriz gain ustiatu zirelako. Arrantza garrantzizkoa da Irango ekonomian, baina oraindik ez dago behar bezain aurreratua. Persiako golkoan eta Kaspiar Itsasoan amuarraina, zamoa, gaizkata, izokia, arrain zuria eta sardinzarra harrapatzen dira. Irango kabiarra (gaizkataren arraba gazitua) munduko hoberenetako bat da. ■ Iranen, baina, petrolio produkzioak du pisurik handiena ekonomian. Petrolio putzu inportanteenak hego-mendebaldean daude, Persiako golkoaren ondoan. Munduko handienetakoak dira. 1951n petrolioaren industria nazionalizatu egin zen, eta 1985az gero Petrolioaren ministerioaren mendean geratu zen haren produkzioa. 1980 inguruan produkzioak behera egin zuen, prezioa bere horretan mantendu zelako, batetik, eta ekoizpengune garrantzitsuenak gerra eremuan geratu zirelako, bestetik. Petrolioaz gainera, burdina, beruna, zinka eta kromita ere ustiatzen dira. ■ Irango industria 1970 ondoko hamarraldian hazi zen, petrolioaren ekoizpenarekin batera. Industria petrokimikoaz gainera, garrantzi handikoa da, baita ere, ehungintza (kotoia eta artilea Isfahan aldean, artilea Tabrizen, zeta Mazanderanen; Iran oso ospetsua da bere tapizen bikaintasunarengatik), janari industria, ekipo elektronikoen eta eraikuntzarako materialen ekoizpena, altzairugintza, ibilgailuen eraikuntza. Munduko petrolio findegi handienetako batek, Abadan-ekoak, kalte handiak izan zituen Iraken aurkako gerran. ■ Historia. v Historia. Irango lurretan zibilizazio asko bizi izan dira antzinatetik, Indiako eta Sortaldeko zibilizazioek utzitako herentzia jaso dutenak. K.a. 5000-3000 bitarteko urteetan zibilizazio oparo bat izan zen, idazkera sortu zuena; zibilizazio hartako hiriburua Susa zen. K.a. 3000. urteaz gero Elamgo zibilizazioa zabaldu zen Khuzistanen, harik eta asiriarrek elamdarrak menderatu zituzten arte 639an. K.a. 2000. urtetik aurrera irandar indoeuroparrak bildu ziren eta erreinuak eratu zituzten: medoak Kaspiar Itsasoaren hegoaldean, persiarrak Persiako golkoaren iparraldean, eta partoak Khurasango ekialdea eta Tadjikistan bitartean. K.a. 728. urtetik aurrera medoek persiarrak menderatu eta inperio handi bat eratu zuten, harik eta Ziro II.a Handia akemenestarraren gidaritzapean, persiarrek kanpora egotzi zituzten arte (K.a. 550). Persiar akemenestarrek inperio zabal bat antolatu zuten Sortalde Hurbilean, India eta Mediterraneo itsasoa bitartean. Greziaren kontrako gerra askoren ondoren Mazedoniako Alexandro Handiak hartu zuen Persia (336-330), eta Greziako zibilizazioa eraman zuen mendebaleko Asiara. Alexandro hil zenean, haren jeneralen artean banatu zen inperioa. Seleuko jeneralak seleukotarren inperioa sortu zuen, baina partoek lurraldearen zati handi bat hartu zuten (K.a. 247-K.o. 226). K.o. 226. urtean sasaniden dinastia nagusitu zen; haien agintaldian Zoroastroren erlijioa zabaldu zen. 651ean arabiarrek Persia hartu eta islam erlijioa sartu zuten. v Iran musulmana. 750. urtean Abu al-Abaas kalifak arabiar omeiak garaitu eta abbasiar dinastia sortu zuen. Arabiarren aginpidegunea gaur egungo Siriatik Bagdadera eraman zuen eta, horren ondorioz, kaliferriak Persiaren eragin handia jaso zuen. Ekialdeko Iranek burujabetasuna lortu zuen eta bere dinastiak sortu zituen: tahiriarrak (820-874), saffariarrak (863-902), samanieak (874-899 inguru). Mongolak Persian egon ziren XIII-XIV bitarteko mendeetan, eta herria hondatu bazuten ere ez zuten kaliferriaren jarraipena eteterik lortu. Gari hartako Irango urterik oparoenak safawi dinastiarenak izan ziren (1502-1736); Isfahan zen inperioaren hiriburua. 1779. urtean Aga Muhammad Khan Persiako sha-k (enperadoreak) Kajar dinastia sortu zuen (1779-1925). Haien agintaldian Iranek Georgia, Armenia eta Azerbaijango iparraldea galdu zituen Errusiaren kontrako gerretan (1804-13, 1826-28). Errusiarren eta britainiarren inperioen erdian zegoen Iran, eta haiekiko morrontza zela eta herriak konstituzioa onartzera behartu zuen enperadorea (sha), 1906an. 1908an aurkitu ziren lehen petrolio hobiak Iranen. Lehen Mundu Gerran Errusiako eta Britainia Handiko gudarosteek Irango zati bat hartu zuten. v Phalavi dinastia. 1921ean estatu kolpe batek Reza Khani eman zion aginpidea, Phalevi dinastia sortu zuen 1925ean eta sha izendatu zuten 1926an. Reza Khanen aginpidean zenbait berrikuntza egin ziren: gudarostea, osasun zerbitzu berriak, komunikabide sarea (lehen burdinbidea), ikastetxeak eta sortu zituen. Erlijio fanatismoari aurre egin nahirik chador-a erabiltzea debekatu zuen (1935) eta Persia Iran deitu zuen (1934). Bigarren Mundu Gerran Reza Khanek alemaniarrekiko erakutsi zuen jaiera zela eta lurraldea hartu zuten sobietarrek eta britainiarrek (1941). Reza erbesteratu eta haren seme Mohammad Reza Pahlaviri utzi zion aginpidea. Gerra ostean Mohammad Rezak sartaldeko nazioen alde egin zuen eta Britainia Handiarekin eta Sobiet Batasunarekin hitzarmenak izenpetu zituen. Gobernu hark alderdi marxistaren, erlijio indarren eta Mohammad Mossadek-en Nazio Frontearen kontrako jarrerei aurre egin behar izan zien. Mossadek 1951ean Lehen Ministro kargua lortu zuenean petrolio ustiapena (britainiar konpainia baten mendean zegoena) nazionalizatu zuen; Sha-a britainiarren monopolioarekin segitzearen alde agertu zen eta erbestera joan behar izan zuen. Berehalako estatu kolpe batek, Estatu Batuen laguntzaz, aginpidean ezarri zuen berriro; handik aurrera Estatu Batuen eragina gero eta handiagoa izan zen Iranen britainiarren kaltetan. 1960. urtetik aurrera Reza Pahlavik berrikuntza batzuk bultzatu zituen (“iraultza zuria”): nekazaritza eraberritzeko neurriak hartu zituen, basoak eta larreak nazionalizatu zituen, emakumeari botoa emateko eskubidea eman zion, eta alfabetatze kanpainak bultzatu zituen. Berrikuntzak gorabehera, barne egoerak ez zuen hobera egin eta gobernuaren kontrako jarrerak gero eta gogorragoak ziren. 1979ko urtarrilaren 16an sha-k erbestera joan behar izan zuen. v Irango islam-errepublika. 1979ko apirilaren lehenean Ruhola Khomeini aiatola edo erlijio buruzagiak Irango islam-errepublika sortu zuen. Khomeinik mendebaleko herriekiko hitzarmenak baliogabetu zituen, emakumearen egoera hobetzeren aldeko neurriak indargabetu eta Koranaren legeak indarrean jarri zituen, erregimen zaharraren aldekoak eta militarrak hilarazi, Estatu Batuekiko harremanak eten, eta komunistei esetsi zien. 1980ko irailean, Irakeko lehendakariak Shatt al Arab-eko inguruei erasotzeko agindua eman zuenean hasi zen Iranen eta Iraken arteko gerra; kalte ekonomikoak izugarriak izan ziren, eta ehunka mila pertsona hil ziren. Su-etena 1988an izenpetu zen. Salman Rushdie britainiar idazleak idatzi zuen Deabruzko ahapaldiak liburua zela eta, Khomeinik hura hiltzeko agindua eman zuenean Britainia Handiak Iranekiko harremanak hautsi zituen eta EEEko nazioen enbaxadoreak Teherandik atera ziren. Khomeini aiatola 1989an hil zen, eta Hashemi Rafsanjani politikari moderatuak hartu zuen lehendakari kargua. 1990ean Iranek gaitzetsi egin zuen Irakek Kuwait inbaditu izana, eta egoera hartaz baliatu zen Irakekin zituen muga arazoak bere alde negoziatzeko: Irakek 2.600 km2 lur itzuli zizkion Irani, gerra presoak trukatu zituzten eta Shatt-al Araben gaineko jabetasuna banatu zuten. Gerra hasi zenean Iranek neutral jokatu zuen, inguruko eta munduko herrialdeekiko harremanak hobetzeko, besteak beste. Izan ere, lehendakari hautatu berria, Rafsanjani, sartaldearekin harremanak hobetzearen aldekoa zen. Iranen, konstituzioaren arabera, erlijioburuen eta estatuburuen artean banatu behar zen agintea. Baina aurreko xiiten buruzagi nagusi Ruhola Khomeni ez bezala, oraingoa, Ali Khamenei, gidari goren soila izendatu zuten, Aiatolah Handi izendapenik gabe. Erantzukizun hori Araki aiatolah zaharraren bizkar gelditu zen. Sartaldearen kontrako sektoreak nagusi ziren oraindik, baina ez zituzten lehendakariaren erabakia aldatzeko behar ziren bi herenak Legebiltzarrean. Bestalde, Iraultzaren Guardia gudarostean barruan geratu zenez geroztik, sektore haiek presioa egiteko tresna garrantzitsu bat gabe geratu ziren. 1990ean Irango gobernua Britainia Handiarekin harremanetan hasi zen berriro, eta 1991n, Golkoko gerraren erdian, Saudi Arabiarekin. Sartaldera hurbiltze horrek eta, Estatu Batuen erasoaren ondoren, Iraken alde ez egiteak inguruko herrietako talde musulmanen haserrea piztu zuten. Iraken gerra bukatzean xiitek egin zuten matxinadari ez lagundu izanak ere nahigabe handia sortu zuen Teheran xiismoaren zabalkundearen hiriburutzat zeukatenen artean. Ekonomiari dagokionez, Iranek ateak zabaldu nahi izan zizkion atzerriko kapitalari, baina ezin izan zuen bere asmoa gauzatu, inbertsoreak ez baitziren zuzendaritza iraultzaileaz guztiz fidatzen. Sobiet Batasuna desegitean, eragin eremu berri bat zabaldu zen Iranentzat. 1991n Teheran enbaxadak zabaltzen hasi zen Kaukasoko eta Asiako erdialdeko errepublika islamiarretan, merkataritza eta kultura harremanak sendotzen eta garraiobide berriak zabaltzen. Nolanahi ere, 1992. urtearen hasieran, Hizbolah (Jainkoaren Alderdia) antolatzera Libanora bidali zuten Irango iraultzako guardiaren buruzagiek argi utzi zuten Iranek ez zuela beren etsai nagusiaren aurkako borroka utziko, Estatu Batuen aurkako borroka, alegia. 1992ko hasieran gobernuak enpresa handienetako batzuk pribatizatzeko asmoa azaldu zuen, atzerritarren inbertsioak erakartzeko asmoz. Urte hartan, apirilean, legegintzarako hauteskundeetan, Rafsanjaniren aldeko moderatuak nagusitu ziren. Uztailean, Khameneik, Irango gida espiritualak, sartaldeko eragina ezabatzeko kanpaina bultzatu zuen. Kanpainak aurrez aurre egin zuen islamismo moderatuarekin topo eta Rafsanjani dimisioa emateko prest agertu zen. Hala ere, 1993ko ekainean, hautesleen % 63k Rafsanjani hautatu zuen berriro. Abstentzioa, baina, oso handia izan zen (% 41), eta agintarien ustelkeriaren kontrako erreakziotzat hartu zen. Hurrengo urtean, buruzagien joera desberdinen arteko tirabira gogorren erdian, Iraultzaren hamabosgarren urteurrena ospatzen zen egunean, Rafsanjaniren kontrako atentatu bat izan zen. Lehendakaria onik atera zen. Ekonomiari dagokionez, hurrengo urtean uste baino petrolio gutxiago saldu zen. Gorbernuak, bestalde, bertan behera utzi zituen inportatutako produktuentzako (janariak eta sendagaiak) dirulaguntzak, eta produktu horien prezioak gora egin zuen. Hurrengo urtean ere uste baino petrolio gutxiago saldu zen. Inflazioak eta erosteko ahalmenaren gainbeherak jendearen haserrea piztu zuten. 1996an Estatu Batuek zigor gehiago ezarri zizkioten Irani, gobernuak ekintza terroristetan esku hartzen zuelakoan. Garai hartan, langabezia maila % 10ekoa zen Iranen. 1997ko maiatzeko hauteskundeetan, Mohammad Khatami izan zen garaile, botoen % 69 eskuratuta. Bera zen hautagaietan “sartaldetarrena”. 1998ko martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Irango Ingurumen arazoetarako lehendakariorde Masoume Ebtekar-ek Afganistango emakumeen egoera salatu zuen. Iranen, herrialde musulman kontserbadoreetan ez bezala, emakumeek botoa emateko eskubidea dute eta, gero eta gehiago, erantzukizun handiko karguak lortu dituzte. v 2002an, Bush lehendakariak, Gaizkiaren Ardatzean sartu zuen Iran, terroristak babesten zituelakoan eta horrek enfrentamendu handia sortu zuen bi herrialdeen artean. 2005eko hauteskundeetan, Mahmud Ahmadineyad Teherango alkate ohia eta hautagai kontserbadore populista izendatu zuten lehendakari. Lehendakari berriaren hainbat deklaraziok polemika handia sortu zuten bazterretan: Nazien garaiko juduen holokaustoa benetan gertatu izana ukatu eta Israelgo estatua suntsitu beharra aldarrikatu zuen, besteak beste. Bestalde, 2006an, Ahmadineyadek adierazi zuen Iran teknologia nuklearra lantzen ari zela baina helburu baketsuetarako, ez bonba atomikoa lortzeko. Iraniar programa nuklearrak liskar eta ezinikusi handiak sortu ditu Iranen eta mendebaldeko potentzien artean.
http://www.president.ir/fa/