Iradier, Sebastián
Arabar musikagilea (Lantziego, 1809 - Gasteiz, 1865). Madrilgo kontserbatorioko solfeo irakaslea izan zen 1840-1850 bitartean, eta Instituto Español erakundeko konposizio eta harmonia katedraduna. Izen handia eman zion aristokraziako dama askori eskolak emateak. Zenbait zartzuela egin ondoren, Parisa joan zen, enperadorearen emazte Eugeniaren kantu irakasle izateko. Rossini, Merimée eta beste zenbait artista famaturen adiskide izan zen. Opera konpainia bat sortu eta Estatu Batuetan, Mexikon eta Kuban barrena ibili zen. Kuban idatzi zuen, hain zuzen, La Paloma abestia, oraindik ere guztiz ospetsua dena. Kantagilea zen, batez ere: Los caracoles, El contrabandista. Bizetek El arreglito izeneko Iradierren habanera erabili zuen Carmen-en, egilearen izena aipatu gabe.