Iradier y Bulfy, Manuel
Euskal esploratzaile eta asmatzailea (Gasteiz, 1854 - Segovia, Espainia, 1911). 1875. urtean itsasoratu zen Afrikarantz emaztearekin eta haren ahizparekin batera. Kanarietako uharteetan hilabete batzuk eman ondoren, El Obeid-era jo eta hango biztanleekin bizi izan zen haien ohiturak aztertzeko. Gaur duten izena ezarri zien Muni ibaiari eta Cristal mendilerroari. Afrikako lurralde eta kostalde ezezagunetako plano eta mapa zehatzak egin zituen. Natur zientzia ere aberastu zuen bertan aurkituriko intsektu eta landare mota asko ordura arte ezezagunak zirelako. Bien bitartean emaztea eta haren ahizpa El Obeid-en geratu ziren landare mintegi bat eta eguraldia, presioa, haizea eta neurtzeko behatoki bat zaintzeko. Espainiara joan ziren 1877. urtean Afrikako lurretan 1.876 kilometro ibili ondoren. Madrilgo Geografia Elkarteak eman zituen argitara Iradierren mapak eta lanak. 1884. urtean bigarren aldiz itsasoratu zen Afrikarantz. Bigarren bidaia horretan 14.000 km2 miatu zituen Afrikako lurretan baina Espainiara itzuli behar izan zuen nahi baino lehen, sukarrak jota. Bidaiez gainera, garrantzi handiko asmakariak egin zituen Iradierrek: tipografia kutxa mota bat asmatu zuen, inprimeria-konposiziorako; erabilitako ur kopurua neurtzeko tresna automatiko bat eta fototakimetro mota bat.