Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ioánnou Yórgos

Greziar poeta eta idazlea (Salonika, 1927). Bere lana originalenetako bat da Greziako gaurko literaturan eta Joycerekin alderatu izan da, barne unibertsoa aztertzerakoan duen arretagatik. Poesia idatzi zuen lehendabizi, Hèliotropia (1953), Ta Chilia Dendra (1962, Mila zuhaitz) lanetan esaterako. Bere poema laburretan gero prosan landu zituen gai nagusiak agertzen ziren: haurtzaroaren mundu galdua, bere amildegi eta estutasunekin, eta barneko erbesteratzea. Lehen kontakizun liburua, Pa hena philotimo (1964, Ohorearen alde), testu laburren bilduma bat da, errealitate arruntena eta intimoena jasotzen duena, lehen pertsonan idatzitako nobelaren eta aitorkizunen tartekoa; oso harrera ona izan zuen eta genero berri baten aitzindari izan zen Grezian. Ironia du osagai nagusia, beren lanaren gai nagusia barne-azterketan aurkitzen duten idazle guztien modura. Bere ondorengo liburuetan okupazio garaiko aldi goibela, haur baten ikuspegitik kontatua, atzerriko egonaldiak edota bere jaioterriko kontuak erabili zituen. Joera horretakoak dira Hè Sarkophagos (1971, Sarkofagoa), Hè Monè Klèronomia-n (1974, Ondare bakarra) eta To Diko mas aima-n(1975, Gure odola) obrak. Lan autobiografikoak izanik ere, gaur egungo Greziaren irudi zuzena ematen dute.