Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Intifada

(Arab. «matxinada»). 1987ko abenduan, Jerusalem, Gaza eta Zisjordaniako palestindarrek, Palestinaren Askapeneko Erakundeak deituta, israeldar erasotzaileen aurka abiarazi zuten protesta ekinaldi etengabea, 1966. urtean hartu zituzten lurralde haietatik alde egin dezaten (1967. urtean agindu zion Nazio Batuen Erakundeak Israelgo estatuari harturiko lurraldeak uzteko, baina entzungor diraute israeldarrek hogeita bost urteren buruan). Erantzun gisa, erabatekoa da eremu horietan Israelgo gudarostearen nagusigoa eta gero eta kolono judu gehiago ari da bertan egokitzen. Milatik gora hil eta milaka atxilotu eta erbesteratu (ehun milatik gora) eragin ditu Israelgo gobernuak eta gudarosteak bideraturiko zapalkuntzak. Arabiarren aldetik oso jarrera gogorra izan da, orobat, Israelgo estatuarekin hitzarmenen bat lortu nahi izan dutenekiko.