Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

inka

iz. Ameriketako kitxua indiarren herri bateko kidea.  v  Inka inperioa. Andeetako antzinako kulturetan (Chavin, Paracas, Huari, Tiahuanako, Chimu, etab.) oinarriturik, inka inperioa zibilizazio ahaltsu bat izatera iritsi zen arren ezin izan zion aurre egin espainiar konkistatzaileen gudarosteei. Inka inperioa (Tahuantinsuyo ere deitua) XII. mende inguruan sortu zen eta XV. mendearen hasieran izan zituen urterik oparoenak. Espainiarrak iritsi aurreko urteetan, gaur egungo Ekuador, Peru eta Txileko erdia hartzen zituen.  v  Historia. Inka herriaz ezagutzen diren lehen berriak ahoz aho jasotakoak dira, ez baitzekiten idazten. Hala, tradizioak dioenez, Manko Kapak I.ak Cusco haraneko herriak mendean hartu zituen XII. mendearen bukaeran. XIV. mendean, Andeetako lurretan ur falta zela eta, Mayta Kapak enperadoreak inguruko haranak hartu zituen bere herria urez hornitu ahal izateko. Haren ondoko enperadoreek, Virakotxa inkak batez ere, gudarosteak eta funtzionarioak ezarri zituzten hartutako lurretan, hobeto zaintzearren. 1438. urte inguruan, Patxaakutek Inka Yupanki-k hartu zuen aginpidea, lur gehiago konkistatu zituen eta inperioa antolatu zuen. Adituek diotenez hark marraztu zituen Cusco hiriko planoak, eta hark aginduta egin ziren Eguzkiaren tenplua, eta mailatan eratutako soroak. Halaber, auzo leinuen batasuna lortzen ahalegindu zen, eta hartutako lurretako biztanleak beste norabaitera egozten zituen matxinadarik izan ez zedin. Haren seme Tupak Inka Yupanki enperadorearen garaian (1471-1493) jo zuen gailurra inka inperioak: Andeetako goi-ordokiak, eta gaur egungo Txileko eta Argentinako iparraldeko lurrak konkistatu zituen. Haren ondorengoak, Huayna Kapak inkak, milioi bat kilometro koadroko inperioa izan zuen mendean. Europarrek eramandako eritasun batek jota hil zen Huayna Kapak, eta inperioa haren semeen artean banatu zuen: Huaskarri Cusco egokitu zitzaion eta Atahualpari, haren anaiordeari, berriz, Kito; inperioa banatzeko erabaki hark gerra zibila izan zuen ondorio. 1531. urtean Francisco Pizarro espainiar konkisitatzailea inken lurraldean sartu zen, eta hurrengo urtean, amarru baten bidez, Atahualpa atxilotu zuen. Atahualpak, espetxetik, anaia hil zezaten agindu zuen, aginpidera iritsi ez zedin, eta gela bete urre eskaini zuen bera askatzen zuenarentzat, baina Pizarrok heriotzara zigortu zuen anaia hiltzeagatik, eta lepoa bihurrituta hil zuten (1533). Urte horretan bertan espainiarrek Cusco hartu zuten eta Manko Kapak II.a onartu zuten enperadore. Arian arian, jauregiak eta hiriak suntsitu eta biztanleak esklabotzat hartu zituzten. Azken enperadorea, Manko Inka, 1572an hil zuten burua moztuta.  v  Gizartea. Gizarte eta politika egituraren oinarrian klana (ayllu) zegoen, talde bateko gizon zaharrenaren agindupean. Ayllu bakoitzak hamar gizon ematen zituen enperadorearen lurretan, meategietan eta obra publikoetan lan egiteko edo gerran aritzeko. Inperioa lau eskualdetan banatua zegoen, eskualdeak probintziatan, probintziak barrutietan, eta barrutiak ayllu batzuek osatzen zituzten. Gizarte mailak ondo mugatuta zeuden. Inka (enperadorea) zen buruzagi nagusia, errege guztiahalduna eta Eguzki jainkoaren semea; Cusco hiriburuko jauregi batean bizi zen, arreba zaharrenarekin ezkontzen zen, eta konkubinak izateko eskubidea zuen. Enperadorea hiltzean, haren seme batek, ez zuen nahitaez primua izan beharrik, hartzen zuen aginpidea. Aristokrazia enperadorearen senideek osatzen zuten, eta inperioko goi hierarkia eta lurrik hoberenak izaten zituzten. Hurrengo maila aitonen semeei (kuraka) zegokien. Ondoren nekazariak eta artisauak (hatunruna) zeuden, jopuak (ianokona) gero, eta guztien azpian, presoak (mitima) zeuden.  v  Erlijioa. Inka inperioa estatu teokratikoa zen, enperadorea jainkotzat baitzuten. Hasieran inkak politeistak ziren, eta naturaren elementu nagusiak jainko ongiletzat hartzen zituzten: Virakotxa, unibertsoaren egilea, gizonari lurra lantzen erakutsi zion jainkoa, zegoen panteoiko gailurrean. Beste jainko batzuk Inti (Eguzkia), Mamakilla (Ilargia), Apu Illapu (oinaztarria), Patxa Mama (Lurra) ziren. Gero, monotesimora jo zuten inkek, eta Inti jainkoak hartu zuen lehentasuna, enperadorearen aita baitzen. Erlijio ospakizunak agerian eta tenpluetan egiten ziren. Tenpluetara erlijiogizonak eta goi funtzionariak sar zitezkeen soilik. Santutegi nagusia Korikantxa edo Eguzkiaren tenplua zen; han zeuden enperadore guztien hilobiak. Aldian behin gizakiak opaltzen zitzaizkien jainkoiei.  v  Kultura. Inkek ez zekiten idazten, baina ahozko tradizio aberatsa zuten, espainiarrek idatzi eta bildu zutena. Koloretako soka korapilodunak (kipu) erabiltzen zituzten kopuruak zenbatzeko. Kitxua hizkuntzaz mintzatzen ziren. Harria erabili zuten monumentu erraldoiak eraikitzeko. Ez zekiten, baina, arkua, zutabe, eta ganga erabiltzen. Ikusgarriak dira Cuscoko Korikantxa tenplua eta Machu-Pichuko eraikinak. Urrea eta zilarra landu zuten, bikuñaren ileaz, eta kotoiaz, jantziak egiten zituzten, eta koloretako lumez apintzen. Kultura aberats hori guztia espainiarrak heldu zirenean amaitu zen, bertako kultura kontuan hartu gabe berena ezarri zutenean.