Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Inkisizio

Erl. Heresiari eta kristauen fedearen eta batasunaren kontrako ekintzei eta ideiei aurre egiteko Elizak Erdi Aroan sortu zuen auzitegia. Delituak aztertzea, delitugileak atzematea, epaitzea eta zigorra jartzea izaten ziren tribunaleko epaile edo inkisidoreen egitekoak.  v  Inkisizioa Erdi Aroan. Inkisizioa Frantziako albiar talde heretikoari aurre egiteko sortu zuen Gregorio IX.a Aita Santuak 1233an, eta domingotarren eskuetan jarri zuen. Inkisizioak Frantziako hegoaldean, Italiako iparraldean, Aragoiko erreinuan eta Alemanian jardun zuen, batez ere. 1252an, Inozentzio VI.a Aita Santuak auzipetuen aitorpena zalantzazkotzat jotzen zen aldietarako tortura erabiltzea onartu zuen. XIV. eta XV. mendeetan inkisizioa indarra galduz joan zen, eta askotan helburu politikoak lortzeko tresna gisa erabili izan zen: Filipe IV.a Ederraren eta Tenpluko ordenaren arteko auzia (1314) edo Erruan-en erre zuten Arc-eko Joanarena (1431), adibidez.  v  Espainiako inkisizioa. Espainiako Errege-erregina Katolikoek inkisidoreak izendatzeko eskubidea lortu zuten Sixto IV.a Aita Santuarengandik, 1478. urtean. Bi urte geroago hasi zen lehendabiziko epaitegia Sevillan. Espainiako Inkisizioak ezaugarri bereziak izan zituen eta ez zen Erdi Arokoaren jarraipen hutsa izan; izanez ere, Inozentzio VIII.a Aita Santuak kargutik kendu behar izan zituen Inkisizio berriaren mendean egon nahi ez zuten Aragoiko inkisidore zaharrak. 1483. urtean sortu zen Inkisizioaren Batzorde Gorena, eta Tomás de Torquemada domingotarra izendatu zuten inkisidore nagusi. Karguan egon zen bitartean 2.000 pertsona sutan erretzera zigortu zituen. Inkisizioa, Ofizio Santua ere deitua, Espainia osora hedatu zen, nahiz eta garai hartan Gaztela, Aragoi eta Nafarroa lurralde autonomoak ziren administrazioari zegokionez. Inkisizioaren Batzorde Gorenaren mendean probintzietako tribunalak antolatu ziren (Errioxa eta Hego Euskal Herria Logroñoko Inkisizioarenean). Bestalde, Espainiak Ameriketan zituen kolonietan ere jardun zuen Inkisizioak, kristau fedearen kontrako ideiak lurralde horietara sar ez zitezen ahaleginean. Indiarra, ordea, ez zegoen Inkisizioaren mendean, “fede berrikoa, jende flakoa eta funsgabea” baitzen. Espainiako Inkisizioaren jarduerak izan zituen lehentasunei dagokienez, hiru aldi bereiz daitezke. Sortu zenean, kristau federa bihurtu baina beren sinesmenetan jarraitzen zuten juduei jazarri zitzaien; halaber, ustezko sorginak eta heretikoak esetsi zituen. Bigarrenean, Karlos I.aren eta Filipe II.aren bitarteko agintaldian (1516-1598), erlijioaren batasuna zaindu zuen, protestantismoa zein bertako iritzi heterodoxoak zabal zitezen galaraziz; beste neurri batzuen artean, debekatutako liburuen zerrendak argitaratu ziren. Hirugarren aldian, Filipe II.aren agintaldiko azken urteetan eta XVII. mendean, gizartea kontrolpean edukitzen saiatu zen, eta ohitura onen kontrako delituak zigortu zituen: adulterioa, bigamia, homosexualitatea, biraoak, debekatutako liburuak izatea. Eta horrez gainera, juduen kontrako esetsaldia hasi zuen berriro. Bestalde, Euskal Herrian sorgin talde bat atzeman zen, Nafarroako iparraldean, Zugarramurdin eta Urdazubin, gehienak; jende asko auzipetu zuen Inkisizioak, eta horietako batzuk sutan erre zituen (Logroñoko auzia, 1610-1614). Inkisizioaren prozesuetan garai hartako zuzenbide penalaren gogorkeria eta akatsak islatzen ziren, eta akusatuen aitorpena lortzeko tortura erabiltzea ohiko gauza zen. Zigorrak delituaren arabera banatzen ziren: penitentzia egitea, isunak, jendeaurrean lotsagarri agertzea, zigorkadak, galeratan aritu beharra, etab. Heriotza zigorra damugabeei eta behin baino gehiagotan erruduntzat jo zirenei ematen zitzaien, eta zibilen eskuetan uzten zen borrero eginkizuna. Sententziak jendaurrean ematen ziren ezagutzera, eta jende asko bildu ohi zen ikuskizun haietara. XVII. mendean Inkisizioa gainbehera hasi zen, inkisidoreek ospea galdu zuten heinean. Inkisizioa desegiteko ahalegin batzuen ondoren, Cadiz-eko Gorteek deuseztatu egin zuten 1813an, eta denbora labur batez berriro indarrean jarri bazen ere, 1834ko uztailaren 15eko dekretuaren bidez, behin betiko ezabatu zen.  v  Erromako inkisizioa. Paulo III.a Aita Santuak protestantismoari aurre egiteko eta Espainiako Inkisizioa Italian ezarria izan ez zedin sortu zuena 1542. urtean.  v  Inkisizioa Euskal Herrian. Luzio III.a Aita Santuak 1184. urtean eman zuen Ad Abolendam («Garbitasunaren alde») dekretuaren ondoren antolatu ziren Erdi Aroko Inkisizio auzitegi bereziak. Nolanahi ere, Iberiar Penintsulan gisa horretako instituzioak Aragoiko erresuman baizik ez ziren bideratu (1223, “heretikoen” aurkako neurrien artean). Auzitegi zibilen esku zegoen Nafarroako erresuman kristautasunaz kanpoko erlijio, sineste eta praktiken aurkako zapalkuntza, eta une bakan batzuetan baizik ez zuen elizako hierarkiak ahalmen hori beretzat hartu. 1478. urtean ezarri zuen Sixto IV.a Aita Santuak Inkisizioa Gaztelako erresuman (Inkisizio Berria, Tribunal del Santo Oficio gaztelaniaz), Errege-erregina Katolikoek hala eskatuta, eta inkisidoreak zuzenean hautatzeko ahalmena jaso zuten erregeek. 1481. urtean salatu zuen Aragoiko Inkisizioak Tuteran horrelako instituziorik ez egona eta 1486an gutun bat bidali zieten Errege-erregina Katolikoek hiri hartako agintariei, bertan babesten ziren heretikoak beren esku uzteko aginduz. Ez zuen batere harrera onik izan gutun hark eta beren lurraldean Inkisizioko agintaririk ez zutela onartuko erantzun zuten tuterarrek. Tarazonako apezpikutzaren barrutian zegoen Tuterako hiria, baina bertara jotzen zuten Aragoiko “heretikoak”, Nafarroako erresuman inkisiorik ez zegoenez. Gaztelako eta Aragoiko erregea Nafarroako erresumaz jabetu ondoren sortu zen bertako lehen Inkisizio auzitegia (1513), baina, Nafarroako erresuma berreskuratzeko gerra zela medio, Calahorrako (1522) eta, ondoren, Logroñoko hirira (1570) eraman zuten auzitegia, Iruñean eta Tuteran egon ondoren. Calahorrako hirian izan zuen egoitza Hego Euskal Herriaz arduratzen zen Inkisizioko auzitegiak 1570 arte. Koroaren zerbitzupeko instituzioa izan zen Inkisizioa, izatez erlijio erakundea bazen ere. Erlijio ortodoxia katolikoa erreformaren eta beste erlijioen “erasoetatik” begiratzea zuen helburu Inkisizioak, baina laster hasi zen errepresio-esparrua zabaltzen berez ez zegozkion beste eremu batzuetara, heterodoxiarako bide guztiak eragotzi nahian (sexu ohiturak, odol garbitasuna, “sorginkeria” eta antzinako sinesteak, jakintza eta ideologia mailako joera libreak,…).      
Ipar Euskal Herrian ez zen Inkisizio auzitegi berezirik izan: Lapurdi eta Zuberoa Bordeleko Parlamentuko justizia gortearen manupean egon ziren eta Nafarroa Behereak eutsi zien bere justiziako erakundeei. XVI. mendean zehar erreformazaleen eta katolikoen arteko gerra zabaldu zen Nafarroa Behereko, Zuberoako eta, modu apalagoan, Lapurdiko lurretara eta liskar giro hura baretze bidean jarri zenean baizik ez zen abiarazi Ipar Euskal Herriko heterodoxiaren aurkako borroka, Bordeleko Parlementuko epaile zibilek zuzendua betiere. Euskal Herriko “sorginen” aurkako errepresioak bere gorena iritsi zuen XVII. mendearen hasieran (Bordeleko auzia, Lapurdiko “sorginen” aurka, Pierre de Lancre Bordeleko Parlamentuko epaileak bideratua, 1609. urtean, eta Logroñoko auzia, Zugarramurdiko sorginen aurka, 1610. urtean, Espainiako Inkisizioak bideratua). Erlijio eta ideologia ortodoxiari dagozkion arrazoiez gainera, politika kutsua darien arazoak ere tartekatu ziren Euskal Herriko sorginkeriaren aurkako auzietan: sorginkerietan ibili ohi zirelako salaketak bideratu ziren Nafarroa Garaian 1527. urtean Nafarroako agramontarren aurka. Bestalde, xenofobia giro bortitza nagusitu zen bazter guztietan (Lapurdin babestu ziren judu espainiarren eta portugaldarren aurkako kanpainak, odol garbitasunerako neurri estuak Hego Euskal Herrian,…). Nolanahi ere, Hego Euskal Herriko “sorginen” aurka elizako inkisizioak bideratu zituen neurriak askoz ere leunagoak izan ziren Bordeleko Parlamentuak Lapurdiko jendearen kontra erabili zituenak baino. Inkisizioak bere bideari eutsi zion XVII. mendean zehar Espainiako inperioko lurralde guztietan eta muga arazoez arduratu zen nagusiki Hego Euskal Herrian, erbesteko jendearen eta idatzien kontrola ziurtatzearren, eta izaera hori indartu zuen XVIII. mendean. 1808. urtean utzi zuen indarrik gabe Josef Bonapartek Espainiako Inkisizioa eta, gorabehera batzuen ondoren (1814-1820 eta 1823-1833 urteetan indarrean jarraitu zuen Fernando VII.a erregeak hala nahita), indarrik gabe utzi zuten 1834. urtean, Elizak berezko erakunde gisa gorde zuen arren. Elizako erakunde horrek (Ofizio Santuko Kongregazioa, 1908-1965, bere Index librorum prohibitorum debekaturiko liburuen zerrendarekin batera) eragin handia izan du Vatikano II kontzilio aurrean Euskal Herriko katolikoen artean. 1965. urtean, Fedearen Dotrinarako Kongregazioak hartu zuen Inkisizioaren lekua eliza katolikoan.