Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Inguxia

Kaukasoko mendietako iparraldeko erdialde-ekialdeko errepublika, Errusiako Federazioaren hego-mendebaldean. Mugak: iparraldean, Stavropol; ekialdean, Txetxeniako errepublika; hegoaldean, Georgia; mendebaldean, Alania (1995eko udaberria arte Ipar Osetia deitua). Errusiako Federazioaren barruan autonomia maila handienetakoa duen errepublika da. 1936-1991 bitartean Txetxen-Inguxia Errepublika Autonomoaren parte izan zen. 1991n, txetxeniarrek burujabetasuna aldarrikatu zutenean, errepublikatik bereizi ziren. Nazran da Inguxiako administrazio hiriburua. ■ Lurraldea eta baliabideak. Inguxiako lurraldeak 4.300 km2 ditu. Errepublikaren hegoaldea Kaukasoko mendiek (4.492 m) ezaugarritua da. Iparraldean lur behereak dira nagusi, eta han bizi dira biztanle gehienak. Ekonomia jarduera nagusiak ere han daude. Inguxiako ibai nagusiak Sunzha (Terek ibaiaren adarra) eta Assa (Sunzharen adarra) dira. Klima lehorra du eta epela, tokian tokiko ezaugarri eta gorabeherekin. ■ Biztanleak. 1989. urteko erroldaren arabera 164.000 inguxiar inguru bizi ziren Txetxen-Inguxia Errepublika Autonomoan. 1995 inguruan, baina, asko handitu zen biztanle kopurua, 100.000 iheslari inguru iritsi baitziren (txetxeniarrak, inguxiarrak eta errusiarrak) Txetxeniako gerratik ihes, eta beste 50.000 inguxiar Alaniako auzo errepublikatik, inguxiarren eta alaniarren arteko borroketatik ihes. ■ Hizkuntza eta erliljioa. Inguxiarrak txetxeniarrekin ahaidetuta daude. Ingux hizkuntza Kaukasiako hizkuntza talde batekoa da; alfabeto latinez idazten zen 1923an, baina 1938. urteaz geroztik alfabeto zirilikoz idazten hasi zen. Inguxiako biztanle asko errusieraz mintzatzen dira. IX eta XVI. mendeen bitartean, lurralde honetako biztanle askok georgiar eliza ortodoxoaren erlijioa bereganatu zuten (Ekialdeko ortodoxoa). XIX. mendean, bai inguxiarrak bai txetxeniarrak musulman egin ziren, eta egun islama nazio batasun eta herri nortasunaren osagai garrantzitsua da inguxiarrentzat. ■ Ekonomia. Nekazaritza da Inguxiako ekonomia jarduera nagusia. Mendialdeko biztanleek abereak hazten dituzte eta lur behereetakoak, berriz, lurra lantzen dute. Petrolioa, meatzaritza eta manufakturak ere garrantzi handikoak dira ekonomiaren aurrerabidearentzat. ■ Gobernua. Inguxetiak lehendakaria eta biltzar nazionala ditu, bozketa bidez hautatuak. Errepublikak hiru aulki ditu Errusiako Biltzar Federalean: bi Federazioaren Kontseiluan (goi ganbera) eta bat Duma-n (behe ganbera). Inguxetiak Federazioaren Kontseiluan dituen ordezkariak Errepublikako lehendakaria eta Biltzar Nazionaleko talde parlamentario handienaren buruzagia dira. ■ Historia. Inguxiarrak mendian bizi izan ziren XVI-XVII. mendeak arte, eta orduan lautadara jaisten hasi ziren. 1810ean Errusiako inperioak Inguxia bereganatu zuen. Errusiarrek gotorlekuak eraiki zituzten eta gogor zapaldu zituzten inguxiarrak. 1858an, baina, inguxiarrak Nazranen matxinatu ziren. Nolanahi ere, inguxiarrak ez ziren txetxeniarrak bezain oldartsuak izan. XIX. mendearen erdialdean, Shamileko matxinadan Kaukasiako herriak errusiarren aurka altxatu zirenean ere, gutxienak ziren inguxiarrak. 1917ko Iraultzan eta ondorengo gerra zibilean, zenbait gudu izan ziren Inguxian Gudaroste Gorriko komunisten eta Gudaroste Zuriko komunisten kontrakoen artean. 1920an sobietarrek beren aginpidea ezarri zuten Inguxian, eta 1924an Inguxiako Oblast Autonomoa sortu zen, Errusia sobietarraren mendean; Vladikavkaz (egun Alaniaren barruan) zen administrazio zentro nagusia. 1934an, Inguxia eta Txetxenia Txetxen-Inguxia Oblast Autonomoa (1936. urteaz geroztik Errepublika Autonomoa) eratzeko elkartu ziren. 1944an, Bigarren Mundu Gerran, Stalinek naziei laguntzeaz akusatu zituen inguxiarrak, eta Asia erdialdera deportatu zituen. Inguxiarrak 1957an itzuli ziren beren lurraldera, eta Prigorodni Rayon –erbestealdian errusiarrek Alaniaren mendean utzitako eskualdea– atzera itzul ziezaieten eskatu zuten. 1991n, Sobiet Batasuna desegin baino pixka bat lehenago, Txetxeniak burujabetasuna aldarrikatu zuenean, inguxiarrak Txetxeniatik banandu ziren eta beren errepublika sortu zuten. 1992ko abenduan Errusiako Diputatuen Kongresuak Inguxia Errusiaren barruko errepublika burujabe ezagutu zuen. Errepublika berriak Ipar Osetiaren mendeko barrutia itzul ziezaion eskatzen segitu zuen eta 1992an bi herriak borrokan hasi ziren. Osetian bizi ziren 50.000 inguxiarretatik gehienak ihes egitera behartu zituzten eta Inguxian babesturik bizi dira egun.