Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ingurumen

iz. Izaki bizien garapenean eta jardunean eragiten duten giro ezaugarrien multzoa.  v  Izakiak bere ingurune berean bizi diren beste organismoekin oso harreman estua du, eta harreman hori orekatua izan dadin arau zehatzak bete behar dira. Batzuetan, baina, gizonaren esku hartzeak hausten du oreka hori. Ingurumena zaintzea da, beraz, gizakiak gaur egun duen egiteko nagusietako bat: kutsadurari aurre egitea, izadia babestea, etab. Ingurumenaren kaltegarri dira, adibidez, gizonak erabiltzen dituen gai pozoitsuak, industrietako hondakinak (garbikariak, hidrokarburoak, metal astunak, karbono dioxidoa, etab.) eta plastikoak. Ingurumena kutsatzearen ondorio dira, halaber, negutegi efektua eta euri azidoa. Azken urteotako hondamendi larrienen artean, hauek aipa daitezke: Chernobilen lehertu zen erreaktore nuklearra (1986), Persiako golkoko gerran Kuwait-eko petrolio hobiei su eman izana (1991), eta zenbait petroliontziren petrolio isurketak itsasoan. Lurra eraso horietatik babesteko beharrezkoa da, nekazaritza biologikoa indarrean jartzea, etxeko zein industrietako zaborrak (papera, beira, bateriak, etab.) gutxitzea eta beroriek berreskuratzea. Halaber, izadiarentzat kaltegarri ez diren beste energia iturri batzuk erabiltzea (haizearen, eguzkiaren eta itsasoaren indarra erabiltzea argindarra lortzeko, esate baterako). Ingurumenari egiten zaizkion erasoak direla eta, gaur egun erakunde asko ari dira (Greenpeace, adibidez) hura zaintzeko ahaleginetan, egiten diren gehiegikeriak salatzen eta desagertzeko zorian dauden animaliak babesten. ik. ekologia.  v  Rachel (Louise) Carson (Estatu Batuak 1907-1964) aipatu behar da ingurumenari buruzko ohartze prozesuan. Ingurumenaren kutsadura eta itsasoaren historia landu ditu batez ere (The Sea Around Us, 1951; Silent Spring, 1962).  Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa. Lege proposamen edo erabaki batek, politika eta programa jakin batzuek edo garatze proiektuak abian jartzeak ingurumenean izan dezaketen eragina iragartzeko prozesu formala. Ingurumenaren gaineko eraginaren lehen ebaluazioak (IEE) Estatu Batuetan egin ziren, 1969an. Harrezkero, munduko beste herrialde askotan, legeak onartu eta organismoak sortu dira gisa horretako ebaluazioak egingo direla ziurtatzeko. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio batean honako urrats hauek egin behar izaten dira: 1) aldez aurretik azterketa bat egin behar da proiektu batek halako ebaluaziorik behar duen eta zenbaterainoko xehetasunarekin egin beharko litzatekeen erabakitzeko; 2) ikerketa bat egin behar da gero proiektuaren eragina, eta eraginaren handitasuna eta garrantzia zehazteko; 3) ondoren, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa bera egin behar da, ikerketa zehatzen bidez, eragina iragarri edota balioztatzeko. Prozesuan zehar aukera desberdinak eta eraginaren aringarriak aurkezten dira, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena egiten da, eta eraginaren jarraipena eta ebaluazioa ondoren. Proiektua egin ondoren, ondorengo azterketa egiten da, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa eta errealitatea bat datozen zehazteko. ■ Ingurumenari buruzko nazioarteko itunak. Ingurumen arazoak aztertzen dituen nazioarteko zuzenbidearen atala. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira itun horiek azkeneko urteotan, ingurumen arazoek herrialdeen arteko mugak gainditzen dituztelako eta nazio bateko legeen bidez bakarrik arazoei aurre egiterik ez dagoelako. Herrialdeen arteko itunak eta hitzarmenak dira nazioarteko ingurumen legeen egungo iturri nagusiak. XX. mendearen hasieraz geroztik egiten dira ingurumen arazoei buruzko itunak dei daitezkeenak; are gehiago Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Horien artean aipagarriak dira, adibidez, Itsasoa petrolioz kutsatzea eragozteko nazioarteko hitzarmena (1954), Energia nuklearraren alorrean hirugarrenek duten erantzukizunari buruzko Parisko hitzarmena (1960), eta Nazioarteko hezeguneei buruzko Ramsar hitzarmena (1971). Ingurumenari buruzko Stockholmeko Konferentzian (1972) ingurumen arazoen izaera globala azpimarratu zen. Nazioarteko lanaren ekimenez, Nazio Batuen Ingurumen Arazoetarako Programa sortu zen. Halaber, Europako Ekonomia Erkidegoak (egun Europar Batasunak) ingurumenaren aldeko ekimen programa bat bultzatu zuen. Stockholmeko Konferentziaz gero izenpetu diren hitzarmen aipagarrienak hauek dira: Desagertzeko zorian diren animalia eta landareen nazioarteko salerosketari buruzko hitzarmena (1973), Itsasoaren kutsadura eragozteko hitzarmena (1974), Mugaz gaindiko kutsadurari buruzko hitzarmena (1979), Ozono geruza babesteko hitzarmena (1985) eta Hondakin arriskutsuen mugaz gaindiko garraioa kontrolatzeko eta haiek desagerrarazteko hitzarmena (1989). 1992an, Nazio Batuek Ingurumen Arazoei eta Garapenari buruzko Biltzarra (Lurrari buruzko Gailurra deitua) bildu zuten Rio de Janeiron, eta berriro bildu zen Kioton 1997an. Biltzar hartan nazioarteko bi hitzarmen garrantzitsu onartu ziren: Aldaketa Klimatikoari buruzko Esparru Hitzarmena eta Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena. Ingurumena zaintzeko hitzarmen asko egin diren arren, haiek behar bezala gauzatzea eginkizun dago oraindik.