Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Independentziako gerra, Espainiakoa

1808-1813 urte bitartean espainiarrek frantziarren aurka egindako gerra (Ingelesez “penintsulako gerra” eta frantsesez “Espainiako gerra” esaten zaio). Espainia eta Frantzia aliatuak ziren, 1796an San Ildefonsoko hitzarmena izenpetu zutenetik. 1807ko urrian Frantziako osteak Espainian sartu ziren. Portugal hartzeko xedea zuten, itxuraz, baina Ingalaterraren aurkako blokatzea osatzeko estrategiaren aitzakian, Gaztelako artilea eta Ameriketako ondasunak eskura jarriko zizkion estatu satelite bat eratu nahi bide zuen Napoleonek. Karlos IV.a eta Fernando VII.a erregetza uztera behartu ondoren, bere anaia Josef jarri zuen errege. 1808ko maiatzaren 2an frantsesen aurkako matxinada izan zen Madril-en (25 frantses eta 25.000 madrildar inguru hil ziren), eta gero gainerako lurraldeetan. Era askotako gerrillak izan ziren hasieran, baina pixkanaka Juntetan eratuz joan zen mugimendua. Erregezale eta absolutistak ziren nagusi Juntetan, erregimen zaharra berriz ezartzearen aldekoak, alegia. Liberalak, berriz, Cadizko Gorteen deira bildu ziren, Konstituzio aurrerakoi bat ezartzeko asmotan. Frantsesek porrot egin zuten Zaragozan eta Valentzian. Castaños jeneralak zuzendutako Bailengo guduaren ondoren, Josef I.ak Madrildik alde egin behar izan zuen (1808). Urte bereko udazkenean Napoleon Espainiara itzuli zen bere osteekin eta azaroaren 30ean Madril bereganatu zuen berriro. 1809-1811 urteen bitartean frantsesek Espainiako hiri gehienak beretuak zituzten. 1812. urtearen hasieran Wellingtongo dukeak Ciudad Rodrigo frantziarrei kentzea lortu zuen, eta ondoren beste zenbait hiri eta leku. Urte bereko uztailaren 22an espainiarrak, anglo-portugaldarraren laguntzarekin, Arapilesen nagusitu zirenean, Espainiako hiribururako bidea libre geratu zen. 1813an Wellingtonen osteek Gasteiztik eta Irungo San Martzialetik frantsesak bota zituzten. Bi gudu horien artean Donostia bakarturik geratu zen, eta ingelesek, harrapaketa handi baten ondoren, su eman zioten hiriari. Ipar Euskal Herrian borrokak iraun zuen apur batez. Napoleonek Espainia utzi behar izan zuen, beraz, eta Espainia lehengo egoerara itzuli zen. Absolutistak nagusiturik, frantses zaleak ez ezik (6.000 familiak Frantziara ihes eginik), liberalak ere gogor zigortu zituzten.