Ignazio Loiolakoa, santua
Gipuzkoar erlijio gizona, Jesusen Lagundiaren sortzailea (Loiola, Azpeitia, 1491 - Erroma, 1556). Gipuzkoako etxe oinaztar batean sortu zen eta, bere familiako aurreko askok egin zuten bezala, militar karrerari ekin zion Gaztelako koroaren zerbitzuan. 1506-1517 urte bitartean Juan Velázquez de Cuéllar Errege-erregina Katolikoen finantza arduradun nagusia zerbitzatu zuen Gaztelako Arevalo eta Valladolid hirietan. Prozesu bat abiarazi zen Ignazio Loiolakoaren eta bere anaia baten aurka 1515ean Azpeitiko eta Iruñeko auzitegietan, bere portaera harroak eraginiko gehiegikeriengatik. 1517. urtean, Antonio Manrique de Lara Naiarako duke eta Nafarroako erregeordearen zerbitzuan hasi zen aitonenseme militar gisa eta haren agintepean borrokatu zen Naiaran eta Gipuzkoan (1520, Komunitatezaleen aurkako gerra) eta Nafarroan (1521, Iruñea berreskuratu nahi zuten agramontarren aurka). 1521eko maiatzean hanka batean zauritu zuten Iruñeko setioan eta ohean egon behar izan zuen urte erdiz. Bitarte hartan hasierako zaldun irakurgaiak alde batera utzi eta kristau mistikako irakurketan murgildu zen. 1522. urtearen otsailean sortetxea utzi eta Bartzelona aldera abiatu zen, Palestinako Lurralde Santurako bidean. Ezusteko batzuk zirela medio, hamar hilabetez egon zen Manresan, eta Kataluniako hiri hartan idatzi zuen Ejercicios Espirituales obra mistikoaren funtsezko partea (Alcala, Paris, Venezia eta Erromako egonaldietan bukatu zuen, 1522-1524 urteetan). 1523an abiatu zen Erroma aldera eta urte berean iritsi zen Palestinara. 1524. urtean itzuli zen Bartzelonara, eta Alcala eta Salamancako hirietan egon zen ondoren. Predikuan hasia zen harrezkero eta egiteko horretan oztopo handiak jartzen ari zitzaizkiola (heretikoa zelako salaketak…) Parisa igaro zen 1528an eta latina eta filosofia sakondu zituen han. Bertan osatu zuen Ignazio Loiolakoak lehen jarraitzaile talde garrantzitsua, bere Ejercicios Espirituales obran azaldutakoen inguruan: Frantzisko Xabierkoa nafarra; Lainez, Salmerón eta Bobadilla, gaztelarrak; Fabro, savoiarra eta Rodrigues portugaldarra. 1534. urtean erabaki zuten horiek guztiek ordena bat egituratzea eta horretarako baimen eske abiatu ziren Erromara. Aita Santuak ez zuen hasieran horrelakorik onartu, baina, erreformazaleei leku guztietan aurre egin behar zitzaiela eta, baiezkoa eman zuen azkenean (1540). 1537. urtean egin zuten Ignazio Loiolakoa apaiz eta hiru urteren buruan sortu zuen zernahiren gainetik kristau fedearen zabalkuntza xede hartua zuen ordena katoliko berri bat: Jesusen Konpainia. Erroman jarri zuen Ignazio Loiolakoak bere egoitza eta han moldatu ziren lehen jesuitak. 1544-1545 urteetan Diario Espiritual obra ondu zuen eta 1546-1549. urteetan idatzi zituen konpainiaren arauak (Constituciones, 1550. urtean onartuak) 1551. urtean, Erromako Kolegioa sortu zuen Erroman bere jarraitzaileen hezkuntzarako, eta Germaniako Kolegioa hiri berean eta hurrengo urtean. Ignazio Loiolakoak ez zituen alde batera utzi politikako egitekoak eta Karlos V.aren eta Filipe II.aren aholku emailea izan zen, turkiarren aurkako auzian. Bestalde, Espainiako inperioak hartutako lurralde berrietara hasi ziren zabaltzen jesuitak, Ad maiorem Dei gloriam (Jaungoikoaren aintza handiagorako) esaldipean. Idazten jarraitu zuen Ignazio Loiolakoak 1551-1556 bitartean (Reglas para sentir con la Iglesia) eta ia bakarrik hil zen Erroman 1556ko uztailaren 31n. Ordea, bera hil zenean, mila jesuitatik gora ari ziren beren egitekoan Europan, Asian eta Ameriketan han eta hemen barreiaturik. Ignazio Loiolakoa erreforma protestantearen aurkako erlijio gizon katoliko garrantzitsuenetakoa izan zen. Paulo V.a Aita Santuak egin zuen santu 1622. urtean (dohatsu 1609an) eta Gipuzkoako (1620tik aurrera) eta Bizkaiko (1680tik aurrera) patroia da. v Kardaberazek, Duvoisinek, Añibarrok eta Olabidek itzuli zituzten San Ignazioren Gogo-Ihardunak euskarara. F. Laphitzek idatzi zuen San Ignazioren bizitza Bi saindu hescualdunen bizia izeneko liburuan. Eta I. Tellechea Idigorasek ere badu beste biografia bat, Pedro Berrondok euskaraz ipinia Ignazio oñez ibiltari izenekoa.
- inausketa
- inaustari
- inauste
- inaute
- inauteri
- Ignazio Loiolakoa, santua
- inbar
- inbasio
- inbentario
- inbentzio
- Inber, Vera Mijailovna