Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

immunologia

iz. Immunitateaz diharduen jakintzaren alorra.  v  Immunologiaren historia ezin bereiz daiteke medikuntzan izan dituen aplikazioetatik eta osasun publikoaren estrategia eraginkorretik. Hala, gauza jakina da haurtzaroko zenbait eritasun ez direla behin baino gehiagotan hartzen: eritasunak babestu, immunizatu egiten du organismoa. Ezaugarri horretaz baliatu ziren turkiar medikuak nafarreriaren prebentzioaren inguruan lan egiteko. Baina Edward Jenner mediku ingelesak, XVIII. mendearen bukaeran, turkiarren enpirismoa urrats esperimental bihurtu zuen: behien baztanga (gizakiaren baztangaren antzeko eritasuna, baina arinagoa gizakiarentzat behiarentzat baino), gizakiari ziztatu zitzaion, hura baztangatik babesteko. Txertatzearen prozedura (infekzio ez kaltegarri baten eraginpean jarri gaixotasun larriago batekiko babesa lortzeko) garai horretan sortu zen. Eta eraginkortasun handikoa izan zen txertatze lan hori 1970eko hamarraldian baztanga desagerrarazteko. XIX. mendearen lehenengo erdian, Louis Pasteur beste eritasunen kontrako txertoen inguruan aritu zen lanean. Infekzio eragileak –mikrobioak eta birusak–, edo toxinak (hainbat eritasunen arduradunak) aurkitu zirenean, horien larritasuna edo toxikotasuna gutxitzeko estrategia enpririkoak jarri ziren abian, eta horrek ekarri zuen beste hainbat txerto osatu ahal izana. Txertoak era sistematikoan emateari esker haurren heriotza kopurua asko jaitsi da eta bizi itxaropena, berriz, asko handitu da. Gaur egun, eritasun berrien kontrako txertoek, HIESAren kontrakoek esate baterako, edo antzinakoen kontrakoek, lehentasuna dute osasungintza publikoan. Immunitatea hainbat zelula eta molekula motaren eginkizuna da. Ugaztun heldu batean, sistema immunitarioak organo espezializatuak ditu: timoa, gongoil linfatikoak eta hezur muina. Organo horietan heltzen da sistema immunitarioa organismo guztira zabaldu aurretik. Alde horretatik, sistema immunitarioa organo mugikorra da, eta oso konplexua gainera. Odolean mugitzen diren molekuletan eta immunitate humorala osatzen dituztenen artean aipagarriak dira antigorputzak eta sistema osagarria. Antigorputzen zeregina da zenbait angström-eko diametroa duten molekula nukleoak ezagutzea. Sistema osagarria, berriz, proteasa multzo bat da, antigorputza nukleoan jartzen denean edo hantura baten erreakzio gisa aktibatzen dena. Zelularen mailan, sistema immunitarioko zelula guztiak helduek hezur muinean dituzten odoleko jatorrizko zeluletatik datoz. Horien artean bereizten dira immunitate zelula espezifikoak eta ez espezifikoak. Immunitate espezifikoko zelulak linfozitoak dira. Immunitateko zelula ez espezifikoak edozer gauza biltzeko eta digeritzeko gai diren fagozitoak dira.