Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ikatz

iz. Errekin beltz gotorra, gehienbat karbonoz osatua, landare etorkia duena. ◊ Ikatz zatia, ikatz kozkorra. || Laboreetan, abereetan eta gizonagan, hauts beltz bat sorrarazten duen eritasun kutsagarria.  v  Ikatzarria. Erregai fosila, izadian harri eran aurkitzen dena. Geologia aldi askotan zehar airearen ukimenetik kanpo jasandako presioaren, beroaren eta bakterien eraginez eratu den ikatza da. Historiaurreko basoetako egurra iztingadietan pilatuz eta lurperatuz joan zen, eta lehen pauso batean, eta prozesu biokimikoek eraginda, turba delako ikatza eratu zen. Ondoren, bakterien eraginez, turba hori lignito bilakatu zen, eta lignitoa, berriz, presioaren eta beroaren eraginez ikatza harrikatza eta antrazita bihurtu zen. Antrazita da ikatzaren eraketan azken gaia, eta lur geruzen tolestatze prozesuan harrikatzak jasandako presioaren eta tenperatura garaien ondorioz eratu zen. Ikatzarri horiek karbonoz, oxigenoz, hidrogenoz eta nitrogenoz osatuak daude nagusiki, baina karbonatoak, burdin oxidoak eta buztin gaiak ere badituzte.
Ikatz baten bero ahalmena kilo batek sor ditzakeen kilokaloria kopuruaren bidez neurtzen da, eta hori, duen karbono proportzioarekin erlazionatuta dago. Ikatzarrien bero ahalmena 6.000 eta 9.000 kcal/kg tartean dago. Harrikatza eta antrazita dira erregai gisa balio handiena dutenak, eta oso erabiliak dira. Harrikatza oxigenorik ez dagoen toki batean erretzean harrikatzaren gasa, kokea eta harrikatzaren alkaterna lortzen dira. Kokea labe garaietan erregai gisa, eta alkaternaren sintesi prozesuetan parte hartzen duten gai kimikoak erauzteko erabiltzen da.       
 v  Ikatzarriaren erauzketa. Ikatzarria lurpean izaten da, eta lur kopuru handiak higitu behar izaten dira meategia dagoen lekuraino iristeko. Han ikatzarria erauzi eta lurrazalera garraiatzen da. Ikatzarria erauzteko garai batean pikotxa eta dinamita bakarrik erabiltzen ziren, baina gaur egun mailu pneumatikoak eta induskailuak erabiltzen dira, besteak beste. Ikatzarria erauzi den lekutik lurrazalera igotzeko errailetan mugitzen diren gurdiak erabiltzen dira. Gero, meategitik atera den ikatzarria hautatu, bahetu eta garbitu egiten da saldu aurretik. Ikatza garbitzeko bide asko dira: dekantazioa, flotazioa, bide mekanikoak eta abar.         
 v  Egur ikatza. Egurra erabat desagerrarazteko egiten den destilazioaren ondorioz geratzen den hondakin solidoa. Ikatz arina eta poroduna da. Orain dela urte gutxi arte, Euskal Herriko ikazkinek basoetan egiten zituzten lurrez estalitako ikaztobietan eskuratzen zen. Ikaztobi horietan, ordea, egurraren destilazioan askatzen diren alkaterna eta gai hegazkor guztiak galtzen ziren. Hori dela eta, gaur egun labe bereziak erabiltzen dira egurrikatza lortzeko, eta labe horietan alkaterna eta gai hegazkor gehienak ere horretarako prestatuak dauden zilindro batzuetan absorbitzen dira. Egur ikatza oso erraz erretzen da, ia garrik gabe, eta nahiko bero ahalmen handia du. Hori dela eta, erregai gisa erabiltzen da, batez ere, baina baita absortzio eragile gisa ere.  v  Ikatz eragilea. Disoluzioan diren gasak eta zenbait solido (koloregaiak, adibidez) absorbitzeko gai den ikatz mota. Oso ikatz porotsua da. Ikatz asko duten gaiak erabat destilatuz eta ondoren lurrunarekin edo karbono dioxidoarekin tenperatura garaietan landuz lortzen da. Egurrikatzak absortzio indar txikia du, eta almendren azalak, landare hondakinak, hezurrak, etab. ikatz bihurtuz lortzen diren ikatzek hobeto betetzen dute eginbehar hori. Asko erabiltzen da industrian: gasen aurkako aurpegi-mozorroak egiteko, azukre disoluzioei kolorea kentzeko, disolbenteak berreskuratzeko eta abarretarako.  v  Ikatz industriala. Industrian erabiltzen diren ikatz mota guztiak, erregaiak, grafitoa eta diamantea izan ezik, izendatzeko erabiltzen den izena.  v  Animalien ikatza. Animalien hezurren errekuntza bidez lortzen den ikatza. Ikatz mota honek, karbonoaz gainera, kaltzio fosfatoa ere badu. Absortzio prozesuetan oso erabilia da, azukreari kolorea kentzeko, adibidez, eta baita pintura eta tindagaien prestakuntzan ere.  v  Ikatz baliokidea. Anitz gairen bero eta energia ahalmena alderatzeko neurketa sistema. Ikatzaren, egurraren, petrolioaren eta beste erregai batzuen bero ahalmena aldakorra da, gaiaren kalitatearen arabera. Ikatz baliokidearen bidez hobeto jakin daiteke zein den gai baten benetako bero ahalmena. Herrialde baten kontsumoa eta energia beharrak ikatz baliokidearen tona metrikotan adierazten dira.